Udalak ez du Talent House bat irekiko Artikutzan
Donostiako Udalak baztertu egin du Artikutzan Talent House bat irekitzea, arrazoi ekonomikoak direla medio, udaleko iturriek hedabide honi baieztatu diotenez. Udalak 2022. urtearen hasieran plazaratu zuen proiektua, eta Europako Next Generation funtsak erabiliz Ostatua eraikinean aipatu Talent House zentroa irekitzea aurreikusten zuten. Hasiera batean aurreikusitako aurrekontua milioi bat euro inguru igo da, eta horregatik baztertu dute proiektua.
Talent House delakoak ikertzaileek erresidentziak egiteko eraikinak dira, euren ikertzaile proiektuak bertan garatu ahal izateko. Hain zuzen ere, ingurumen arloko ikertzaileek euren erresidentzia Artikutzan bertan egitea zen proiektuaren xedea, han bertan lan egin ahal izateko. Hala ere, EH Bilduk salatu zuen udal gobernuak erabilera turistikoa eman nahi ziola Artikutzari ere; proiektu turistikoak “beste izen batzuekin ezkutatzea” leporatu zioten udal gobernuari: “Donostiako iritzi publikoarentzat onartezina den zerbait saltzen saiatzeko hitzekin jolasten jarraitzea ez dugu onartuko”.
Gogoratu behar da 2004ean Natura 2000 sarearen parte izatera pasatu zela Artikutza, baita 2016tik aipatu sareko Babes Bereziko Eremuetan dagoela. Goizuetako lurretan badago ere, Donostiako Udalaren jabetzakoa da eremu hori, 1919tik.