«Argi izan behar da Saharako errefuxiatuen kanpamenduko errealitatea hemengoaren oso desberdina dela»
Saharako errefuxiatuen kanpamenduko zortzi haurrek igaro dute aurtengo uda Donostian. Uztailaren 10ean eta 15ean iritsi ziren, eta igande honetan (hilak 27) eta datorren ostegunean (hilak 31) itzuliko dira etxera. Oporrak Bakean programako Maria Rodriguezek azaldu digu aurtengo esperientzia nolakoa izan den.

Nola baloratzen duzu aurtengo esperientzia?
Gurasoekin oraindik ez dugu balorazio formala egin, baina badakit esperientziak bere gauza onak eta txarrak izan dituela. Guraso gisa, zure burua prest eta malgu baduzu egoera zail baten aurrean egoteko, ondo joango zaizu. Ordea, esaneko eta gosez hiltzen ari den haur bat etortzea espero baduzu, oker zaude. Haur bat etortzen denean, argi izan behar da 8 urteko haur bat dela eta Saharako errefuxiatuen kanpamenduko errealitatea hemengoaren oso desberdina dela. Haur bakoitza mundu bat da, eta famili bakoitza ere bai; beraz, ezin da orokortu haur hori nolakoa izango den eta ezta haur horri eman behar zaion trataera ere. Beraien errealitatea da kanpamentu batzuetan daudela, beraien jateko ohiturak eta gureak oso desberdinak direla, eta beraien kultura, erlijioa eta gainerako guztia ere oso desberdina dela.
Hori kontuan izanda, aurten ikusi dudan zailtasunetako bat izan da familia batzuk ez zekitela errealitate hori horrelakoa dela, eta Saharako haur hauek hemen daudela arazo politiko bat dagoelako. Batzuetan, iruditu zait familiek ez dutela hori ondo ulertu, eta beraz, zaila egin zaie egoera. Donostian zortzi familia egon badira, familia batzuei gertatu zaie hori, nolabait, esaneko haur bat espero zutelako. Bestalde, badaude errepikatu duten familia batzuk oso pozik daudenak esperientziarekin. Izan ere, baldin badakizu nolako tratua izan kanpamenduetatik datorren 8 urteko haur batekin, esperientzia oso ona izango da. Guraso horiek oso-oso positiboki baloratu dute esperientzia.
Esan bezala, zortzi familia izan ditugu Donostian; lau errepikatzaile izan dira –haur berdina ekarri dutenak– eta beste lau berri. Errepikatzaileentzat lehenengo urtea beti izaten da zailagoa, hizkuntza aldetik eta beste, elkar ulertzea zailagoa izaten delako, baina bigarren urtean askoz errazagoa izaten da dena. Familia berrien kasuan, batzuk oso ondo moldatu dira haurrekin, eta besteak, esandakoa, beste zerbait espero zuten agian.
Nolakoa izan zen umeen etorrera?
Bilbora joan ginen haurren bila, eta batzuk ohituta zeuden arren, beste batzuentzat lehenengo aldia zen. Imajinatu errefuxiatuen kanpamenduetatik iritsi eta Bilboko aireportuan eskuak lehortzeko lehorgailua, xaboia eta horrelakoak lehen aldiz ikusteak nolako inpresioa egin behar duen. Normalean, asko kostatzen zaie ulertzea zebrabidea nola gurutzatu behar den, ura iturritik nola ateratzen den… Egia da Saharako haur batzuk ohituta daudela Aljeriara edo beste herrialde batzuetara joaten, eta horiek ikusi dituztela beste haur batzuk ikusi ez dituzten gauzak. Baina normalean, haur guztiei deitzen die atentzioa denak.
Zortzi haur etorri dira Donostiara, baina, berez, hamar etorri behar ziren.
Oraindik ez dakigu ziur zer den gertatu dena, baina hango ordezkaritzan arazo batzuk izan dira pasaportearekin eta haur batzuk han geratu behar izan dute. Ondorioz, badaude familia batzuk ezin izan dutenak beraien haurra etxean izan, eta alde horretatik, sentsazio gazi-gozoa dugu. Kasualitatez, etorri ez diren bi haurrak gaixorik zeuden, eta ea lortzen dugun datorren urtean etortzea. Horrez gain, haur batzuk Bilbora iritsi ziren, eta beste batzuk Asturiasera, burokrazia kontuengatik.
Etorri diren gainerako haurrak ondo zeuden?
Haur bat ebakuntza baten zain zegoen, baina aurten ikusi dugu ondo dagoela eta ez diote ebakuntzarik egin. Orokorrean, ondo zeuden. Etortzen direnean, dentistarengana, optikariarengana eta medikuarengana joaten dira, eta orokorrean inork ez zuen arazorik. Egia da haur asko zizareekin-eta etortzen direla, baina mediku azterketak egin ostean, beharrezko sendagaiak ematen zaizkie.
Datorren urteari begira, familia gehiago behar dira Donostian?
Beti behar dira familia gehiago. Beti pentsatu behar dugu ez diogula inori bizitza salbatuko, baina Saharako haur bat ekartzea beti da aukera paregabea norbaiti uda paregabe bat emateko. Guk daukagun gutxi horrekin beraiei agian urte osoa erraztu diezaiekegu, eta beraien familiei ere bai. Hango familientzat oso aberasgarria da beraien haurrak hemen izatea, hizkuntza, kultura eta beste hainbat gauza ikasten dituztelako bi hilabetetan, gero betirako eramango dituztenak. Guretzat konpromiso bat da, eta benetan ondo pentsatu beharreko erabaki bat, baina etxera etortzen zaizun pertsona horrek pila bat ematen dizu bueltan. Hori urtez urte ikusi da familia errepikatzaileekin, beraientzat Saharako haur hori familiaren parte bihurtzen delako bi hilabetez. Saharako haurrak egoera horretan daude orain, baina beste une batean gu ere egon gaitezke horrela.