Realak hirunaka batzen hasi nahi du

Gizonezkoen Realak etxean jokatu ditu lehen bi partidak, baina ezin izan die etxeko zaleei garaipen bat eskaini. Biak 1-1 amaitu ziren, baina ez zen azken emaitza izan errepikatu zen bakarra. Bi partidetako minutu askotan zehar nagusi izan zen Reala, baina ez zuen lortu nagusitasun hori markagailuan islatzea, eta azkenean aurkariak berdintzea lortu zuen.
Etxean ezin izan denak etxetik kanpo beharko du, eta Imanol Alguacilek zuzendutako taldeak lehen bi partidek utzitako sentipen gazi-gozo horri buelta emateko aukera izango du gaur (hilak 25), 19:30ean, Las Palmasen etxean.
Alguacilek atzo eman zuen Kanaria Handira joango ziren jokalarien berri, eta bi berritasun nagusi daude: batetik, Arsen Zakharyan fitxaketa berria; eta, bestetik, Mikel Merino, orain arte min hartuta egon baita. Ikusi beharko da bietakoren batek lehen minutuak jokatzeko aukera izango duen.
Emakumezkoek ere partida izango dute asteburuan, Alavesen aurka lehiatuko baitira. Euskal Herria Kopako finalerako txartela izango dute jokoan larunbatean, 18:30ean, Guardian.
Bestalde, arraun denboraldiak aurrera jarraitzen du —Euskotren Ligakoak Kontxako Banderari begira daude jada, pasa den astean Arraun Lagunakek liga irabazi ondoren; KAE 1 Liga ere pasa den astean amaitu zen—. Eusko Label Ligako traineruak Ondarroan lehiatuko dira larunbatean (18:15) eta Getarian igandean (12:15). Kontxako Bandera baino lehen jokatu diren azken estropadak izango dira, eta Donostiarrak iraileko lehen bi asteburuetara sasoi puntu onean iristeko baliatu nahiko ditu estropadok. KAE 2 Ligan, Donostiarraren bigarren traineruak KAE 1 Ligarako kanporaketak jokatuko ditu Larunbatean Colindresen (12:30) eta igandean Erandion (13:30).