Sei film berri batu zaizkio Urrezko Maskorrerako hamaika hautagaien zerrendari

Sei film berri sartu dira Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Urrezko Maskorra irabazteko hautagaien zerrendan. Sail Ofizialean, The Assistant (Kitty Green), Holiday (Isabella Eklöf), Jusqu’à la garde (Xavier Legrand), Complicity (Kei Chika-Ura) eta Apples (Christos Nikou) filmen zuzendarien film berriak bildu dira, baita Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wang egileen lehen filma ere, A Journey in Spring. Gainera, Thomas Liltik zuzendutako Un métier sérieux / A Real Job ekoizpen frantziarra emanaldi berezietako bat izango da.
Chung Xing / A Journey in Spring Tzu-Hui Peng (Taichung, Taiwan. 1989) eta Ping-Wen Wang (Taipei, Taiwan. 1987) zinemagileen lehen film luzea da. Taiwango ekoizpen honetako protagonista emaztea hil zaion eta doluari aurre egin beharko dion gizon bat da.
Telluriden, Toronton eta Venezian hautatutako Apples txalotuaren ondoren, Christos Nikou (Atenas, 1984) zuzendariak Jessie Buckley, Riz Ahmed, Jeremy Allen White, Luke Wilson eta Annie Murphy interpreteen lankidetza izan du bere bigarren filmerako (ingelesezko lehena). Bikoteen maitasuna egiazkoa ote den testatzeko erakunde bati buruz hausnartzen duen drama erromantikoa da Fingernails.
Kei Chika-Ura errealizadore japoniarraren lehen film luzea, Complicity, Berlinalean hautatua izan zen eta kritika gaztearen saria irabazi zuen CinemAsia jaialdian. Chika-uraren bigarren filma Great Absence izan zen, eta bertan, aktore gazte bat aitarekin harremanetan jarriko da berriro, bigarren emaztea desagertu ondoren.
Isabella Eklöfek (Storholmen, Suedia. 1978) Holiday (2018) zuzendu zuen, Sundance-n hautatua eta Austin-en saritua. Suediarrak Borger filmaren gidoia (2018) idatzi zuen Ali Abbasi zuzendariarekin (Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard saria irabazi zuen film horrek). Kalak, zinemagileak zuzendutako bigarren filma, Groenlandiara bizitzera joaten den erizain daniar bati buruzkoa da.
Xavier Legrand (Melun, Frantzia. 1979) Donostia Zinemaldira itzuliko da Jusqu’à la garde / Custody (2017) filmaren arrakastaren ondoren. Veneziako zinema-jaialdian zuzendari onenaren sariaren eta Donostia Zinemaldian Publikoaren Sariaren eta RTVE-Beste Begirada sariaren (Donostia) irabazlea izan zen film hori, film eta gidoi onenaren César sariak irabazteaz gainera. Urrezko Maskorra lortzeko lehian ariko da, oraingoan, Le successeur / The Successor lanarekin. Aita hil ondoren, familia-etxean sekretu izugarri bat aurkituko duen diseinatzaile baten istorioa kontatzen du zuzendariak bere lan berrian.
Kitty Greenen (Melbourne, Australia. 1984) bigarren filma ere espero da; australiarrak Julia Garner aktorearen lankidetzara jo du oraingoan ere; izan ere, The Assistant (2019) ezagunerako protagonista nagusia izan zen Garner, eta Deauvilleko jaialdiaren eta New Yorkeko kritikarien elkartearen sariak lortu zituen filmak. The Royal Hotel pelikulak Australiako pub urrun batean enplegu bat onartuko duten bi motxileroren (Garner eta Jessica Henwick) istorioa kontatzen digu.
Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko diren filmez gain, Zinemaldiak Sail Ofizialeko emanaldi berezi bat ere egingo du: Thomas Liltik (La Celle-Saint-Cloud, Frantzia. 1976) zuzendutako Un métier sérieux / A Real Job, hain zuzen. Hippocrate / Hippocrates: Diary of a French Doctor filmaren zuzendariak François Cluzet, Adèle Exarchopoulos eta Vincent Lacoste interpreteak izan ditu Frantziako eskola bateko eguneroko bizitza deskribatzeko.
Gainerako hautagaiak
Zerrenda hau jada jakinarazi diren Urrezko Maskorrerako hamaika hautagaien zerrendari gehitzen zaio: María Alché eta Benjamín Naishtat, Jaione Camborda, Robin Campillo, Isabel Coixet, Isabel Herguera, Raven Jackson, Joachim Lafosse, Noah Pritzker, Cristi Puiu eta Martín Rejtman. Halaber, hauek lehiaketaz kanpo programatu dira: La Mesíastelesaila (Javier Ambrossi eta Javier Calvo); They Shot the Piano Player (Fernando Trueba eta Javier Mariscal) filmaren emanaldi berezia; Hayao Miyazakik 71. edizioa inauguratuko du Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy And The Heron filmarekin eta James Marshek, berriz, amaiera emango dio Dance First pelikularekin.