Abuztuaren 31ko sutea gogoratzeko hainbat jarduera antolatu ditu udalak
Larunbatean Donostia Sutan 1813 kolektiboak desfile antzeztua egin ondoren, udalak ere 1813ko sutea gogoratzeko hainbat jarduera antolatu ditu aste honetan zehar. Jarduera gehienak abuztuaren 31n bertan izango dira, ostegunean. 11:30ean hiria suntsitu zuten egunean hil zirenen omenezko meza egingo dute Santa Maria elizan, eta 12:45ean udal agintariek lore eskaintza egingo dute Portaletan.
Arratsaldean antzezpenari ekingo diote. 16:00etatik 17:00etara Zurriolan kokatutako tropa ingelesak hiria hartzen saiatuko dira; 17:00etan tropak hurbiltzen hasiko dira. 18:00etan desfile bat abiatuko da Zuloaga plazatik. Desfilean hiriko hainbat danborradatako ordezkariek hartuko dute parte, 1813ko abuztuaren 31n hiria hartu eta erre zutenean hildako pertsonak omentzeko. Desfilea hasi aurretik diploma bat emango zaio Aita Mari itsas salbamenduko ontziari, Mediterraneo itsasoan egiten duen lana aitortzeko.
19:00etan Bulebarreko kioskoan minutu bateko isilunea egingo da, eta gero desfile antzeztuarekin jarraituko dute Parte Zaharreko kaleetan zehar. Zuloaga plazan hiria erre zuteneko interpretazio dramatizatua egingo dute, argi eta soinu ikuskizun batekin. Amaitzeko, 21:30etik aurrera hiriko hainbat elizatako kanpaiak joko dituzte, eta horren ondoren herri prozesioa egingo da.
Jarduerak San Jeronimo aretoan
Gauza horiez gain, udalak San Jeronimo aretoan beste zenbait jarduera antolatu ditu asteazkenera arte. Hiru egun horietan zehar azalpen panelak egongo dira ikusgai 17:00etatik 19:00etara. Gainera, 17:00etan, 18:00etan eta 18:30ean Donostia sutearen aurretik filma ikusi ahalko da, eta 19:00etatik aurrera hitzaldiak antolatu dituzte, egun bakoitzerako bat.