Dbusek inbertsio ekonomiko handiagoa behar duela diote sindikatuek
Dbus autobus konpainiako enpresa batzordeko sindikatuek (Kurpil, LAB, ELA eta UGT) ohar bat plazaratu dute, El Diario Vasco egunkariak pasa den ostegunean argitaratutako informazioa ezeztatzeko.
Egunkari horrek argitaratutakoaren arabera, Dbus eta udaleko Mugikortasun Saila hainbat autobus lineatan ibilbide, ordutegi eta geltoki aldaketak eta murrizketak egitea aztertzen ari dira udazkenera begira, autobus gidarien eskaerei erantzuteko; izan ere, gidariek hainbatetan salatu dute ezin dituztela ezarritako ordutegiak behar bezala bete. Ordea, enpresa batzordeak nabarmendu du beraiek ez dutela eskatu murrizketarik egiteko: “Dbuseko gidariek ez dituzte proposatu lineen ibilbide murrizketei eta Dbusen maiztasunak handitzeari buruzko neurri berriak, artikulu horrek dioen bezala. Gidariok uste dugu irtenbide bideragarri bakarra Donostiako Udalak inbertsio ekonomiko handiagoa egitea dela”.
Azaldu dutenez, duela 20 urte zehaztutako denborekin lan egiten jarraitzen dute: “Denbora horiek ez daude eguneratuta gaur egungo zirkulazio egoeren arabera. Horrek esan nahi du lineak atzeratu egiten direla, gidatzeak okerrera egiten duela, eta gidatzen dugunok ezin garela eserlekutik jaiki bost orduz, eta horrek gure osasunari eragiten diola”. Gaineratu dutenez, “autobus gehiago” eskatu dituzte “linea arazotsuetan, azken urteotan 19., 31. eta 33. lineetan egin zen moduan”: “Horrek erakusten du maiztasunak behar bezala mantentzen direla, puntualtasuna ziurtatzen dela, autobusaren erabilera areagotzen dela eta gidariek minutu batzuk har ditzaketela ibilbidearen amaieran”.
Horrela, autobusen maiztasuna mantentzearen alde agertu dira sindikatuak: “Enpresa Zuzendaritzari eta udalari maiztasunak mantenduz zerbitzuak gehitzeko proposamenak helarazi dizkiegu; izan ere, gure ustez, planteatutako murrizketek beti bikaintasuna ezaugarri izan duen zerbitzuaren kalitateari kalte egiten diote. Gero eta pertsona gehiagok erabiltzen dute garraio publikoa pribatuaren kaltetan, eta erabilera hori udalaren inbertsioa handitzearekin islatu behar da”.
Halaber, gogorarazi dute “Dbus kapital publikoko enpresa bat” dela, eta bere “bokazioa herritarrei zerbitzu ona ematea” izan beharko litzatekeela. “Tamalez, neurri horiekin kontrakoa besterik ez da lortuko: bidaiariak etxetik aldentzea eta autobusak igarotzeko maiztasuna areagotzea”, gehitu dute. Era berean, nabarmendu dute “kalitatezko garraio publikoa” nahi dutela, “bai erabiltzaileentzat eta bai langileentzat”.