Donostiako Gamazadan hildakoak oroitu dituzte, askatasunari kantatuz
Igandean (hilak 27) 130 urte bete ziren Gamazada herri altxamendua Donostiara iritsi zenetik, eta Gamazada Herri Ekimenak antolatuta, Kantu Bat Askatasunari ekitaldia egin zuten Bulebarreko kioskoan, han hasi eta bukatu baitzen altxamendua.
1893ko gertakari haiek Gernikako Arbola abestiaren debekuarekin hasi ziren eta Iparragirreren kanta ezagun hori abestuz bukatu ziren, eta, hain zuzen ere, Gernikako Arbola kantatu zuten herritarrek igandean. Halaber, istiluetan hildakoen omenezko aurreskua ere dantzatu zuten. Orain arte, Donostiako Gamazadan hiru lagun hil zirela pentsatzen zen, baina herri ekimenak burututako ikerketaren arabera, gutxienez sei dira hildakoak: Rufino Azpiazu Etxeberria, Bixente Urzelai Fernandez, Bernardina Garcia Blanco, Justo Perez Villagarai, Juan Jose Arza Marchuena eta Martin Oses Etxeberria.
Herri ekimeneko kideek plaka bat jarri zuten kioskoan, eta udalari eskatu zioten aitortza ofiziala egiteko. Hain zuzen ere, Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak joan den astean azaldu zuen iazko abendu aldean horren inguruko iradokizuna aurkeztu zutela udalean, baina oraindik ezin izan dela ezer egin: “Bi hauteskunde izan ditugu tartean, eta normala den moduan, horrek udalaren ohiko jarduna aldatu du. Uztailean, udal gobernutik esan ziguten aurten dagoeneko ez zuela denborarik emango ezer egiteko, baina datorren urtera begira proposamena aztertuko zutela”.
Sagastaren aurkako mutina
1893an, krisi ekonomiko handia bizi zen Espainiako Estatuan, eta, horren harira, protesta ugari izan ziren urte horretan estatuko hainbat lekutan. Ordea, Hego Euskal Herrian handiagoak ziren protestak, Praxedes Mateo Sagastaren Espainako Gobernuko German Gamazo Ogasun ministroak foruen azken arrastoa, kontzertu ekonomikoa, murriztu egin baitzuen dekretu baten bidez. Horrela, foruen aldeko aldarrikapen bihurtu ziren Hego Euskal Herriko protestak. Testuinguru horretan iritsi zen urte hartako abuztuaren 27a. Txofreko zezenketak bukatuta, Donostiako Udaleko Musika Banda Bulebarreko kioskoan jotzen ari zen, eta herritar talde batek bandaren zuzendariari eskatu zion Gernikako Arbola jotzeko, baina zuzendariak ezetz esan zuen, errepertoriotik kanpo ezer ez jotzeko agindua zuela argudiatuta.
Herritar horiek Gernikako Arbola abesten hasi ziren, eta Sagasta Donostiako Londres hotelean zegoenez uda pasatzen, hara joatea erabaki zuten; hotela ez zegoen gaur egungo tokian, Askatasunaren hiribideko Gipuzkoako bankuaren eraikinaren tokian baizik. Iñaki Egaña historialariak joan den astean azaldu zuenez, besteak beste, Manuel Pavia jeneralarekin zegoen han Sagastarekin, eta baliteke Paviak eman izana herritarren aurka tiro egiteko agindua. Hain zuzen ere, herritarrek harriak bota zituzten hotelera eta zenbait leiho hautsi zituzten, baina Guardia Zibila iritsi zenean hasi zen tiroketa. Horren ondorioz, gutxienez sei lagun hil ziren.
Jarraian, igandeko ekitaldian Joseba Parron San Sebastian argazkilariak egindako argazkien bilduma: