Donostiarra zortzigarren izan da Ondarroan, eta hirugarren Getarian
Donostiarrako mutilak Ondarroako eta Getariako uretan lehiatu dira asteburuan, eta emaitza kaskarrak eskuratu ostean, Kontxako Banderara begira jarri dira dagoeneko, etxean ahalik eta emaitza onenak lortzeko helburuarekin.
XXXIX. Ondarroako Banderan aritu ziren larunbatean, hirugarren txandan. 21:05,24 minutuko denbora eginda, txandako hirugarrenak izan ziren, Hondarribiaren eta Bermeoren atzetik. Sailkapen orokorrean zortzigarren gelditu ziren, eta Oriok irabazi zuen bandera. Igandean, aldiz, XIV. Getariako Ikurriña zuten jokoan; hirugarren txandan aritu ziren, eta hirugarren izan ziren, 22:10,40 minutuko denbora eginda. Sailkapen orokorrean ere hirugarren gelditu ziren, eta Bermeok irabazi zuen estropada. Ligako laugarren postuan iritsiko da Donostiarra Kontxara.
Realaren hirugarren berdinketa
Ostiralean jokatu zuten Realeko mutilek Las Palmasen aurka, eta ezin izan zituzten hiru puntuak etxera ekarri. Hutsera berdindu zuten kanariarren etxean, eta garaipena ezagutu gabe jarraitzen dute txuri-urdinek liga honetan, lehenengo hiru partidetan hiru berdinketa lortu baitituzte.
Bestalde, Realeko neskek Euskal Herria Kopako finalerako txartela lortu zuten larunbatean, Alavesi 0-4 irabazita. Aste honetan jokatuko dute finala, Athleticen aurka. Aurretik, ordea, Sentimendu Kopa jokatuko dute asteartean (hilak 29), Osasuna eta Villarreal taldeen aurka.
Bera Bera, txapeldun
Eskubaloian, denboraldiaurrearekin jarraitzen du Bera Berak, eta Summer Bag txapelketa irabazi du asteburuan, Atletico Guardesi 30-27 irabazita.