Etxekalte tabernaren eraikineko bizilagunak soinuagatik kexatu dira
Etxekaltek erantzun du Donostiako Udalak jarritako soinu mugatzaileak dituztela, eta ezin dela musika oso altu jarri.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak idatzi bat argitaratu du Etxekalte tabernaren eraikinean bizi diren bizilagunek soinuagatik ezin dutela lorik egin salatzeko. Gau guztian zehar, musika altu egoten dela diote, eta batzuetan, DJ-ak musikaren bolumena igotzen duela. “Ateak irekitzen eta ixten aritzen dira bezeroak batzuetan, eta bestetan, irekita egoten dira. Bezeroek ez dute etxera joateko presarik izaten, eta 07:00ak aldera etxera joaten diren arte ezin izaten dugu lo lasai egin”, dio Parte Zaharrean Biziren idatziak, bizilagunen testigantzekin.
Hori ostiraletan eta larunbatetan gertatzen dela diote, eta batzuetan, baita ostegunetan ere. Soinua eraikinaren barrura sartzen dela adierazi dute, eta kanpoan ere zarata handia dela salatu dute, jendea “deiadarka” aritzen delako. Auzo elkartearen arabera, bizilagunek 092 telefonora –Udaltzaingoarena– deitu dute egun askotan, eta Udaltzaingoak zortzi akta egin ditu, “neurtutako zarata-balioek baimendutako mugak gainditzen zituztela adieraziz” eta baita establezimendua behin ateak irekita zegoela eta beste batean baimendutako ordutegitik haratago irekita zegoela ere.
Orotara, honakoa biltzen zuten akta horiek: neurri zuzentzaileen errekerimendua (establezimenduak berehala ebatzi zuena, ebaluazio akustikoaren txostena aurkeztuta); hutsegite larriagatik abenduaren 14an jakinarazitako 600 euroko zehapena; hutsegite larriagatik 3.000 euroko zehapena ezartzeko proposamena (apirilaren 21eko data du), Marisol Garmendia zinegotziak uztailera arte sinatu ez zuena; eta establezimenduak musika-ekipoaren datuak iraultzeko errekerimendua. Entregatzeko azken eguna ekainaren 16a izan zen, eta, elkartearen arabera, establezimenduko arduradunak ez zuen halakorik egin. “Horiek aurkeztu ezean, udalak jakinarazi zuen musika-ekipoak kenduko zituela. Saileko teknikariek hori aurkeztu zioten zinegotziari idatziz, uztailaren 7an sinatzeko. Geroztik, zinegotziak sinatu gabe jarraitzen du”, azaldu dute.
Hala ere, salatu dutenez, akta horiek ez dira nahikoak izan zarata arazoak gelditzeko eta atseden hartzeko. “Bizilagunen elkarteko presidenteak behin baino gehiagotan deitu zion Marisol Garmendia zinegotziaren idazkariari, posta elektronikoz transmititutako arazoei buruz hitz egiteko eskatuz, atsedenaldia bermatuko zuen irtenbide bat aurkitzeko, eta apiriletik aurrera egiteke zegoen teknikarien proposamena zergatik ez zuen sinatzen jakiteko. Zinegotziak ez du erantzun, ez du azalpenik eman”, salatu dute. Ondorioz, Garmendiari eskatu diote sinatzeko, eta bizilagunak babesgabe ez uzteko.
Etxekaltek soinu mugatzaileak dituela erantzun du
Parte Zaharrean Biziren idatziaren aurrean, Etxekalteko kudeatzaileek erantzun dute Donostiako Udalak jarritako soinu mugatzaileak dituztela, eta ondorioz, ezinezkoa dela DJ-ak bolumena igotzea, soinu mugatzaileek ez dutelako uzten. “Establezimenduak ate bikoitza du zaratara irtetea eragozteko. Eta kaleko jendearen soinuari dagokionez, hori ez da establezimenduari dagokion ezer; izan ere, jende asko pilatzen da Parte Zaharrean”, adierazi du Etxekaltek.