Ospitaleetan behin-behinean egokituko duten aparkalekua ez betikotzea eskatu du Eguzkik
Donostiako Udalak joan den astean iragarri zuen behin-behineko aparkaleku bat egokituko duela ospitaleetan, Osakidetzak protonterapia zentro eta kanpo kontsulta berriak eraikitzen dituen bitartean. Iragarpena egin eta pare bat egunetara, berriz, Eneko Goiak esan zuen aparkaleku hori behin-behinekoa izateaz gain, behin betikoa ere izan daitekeela, eta disuasio aparkaleku gisa funtzionatu dezakeela. Adierazpen horren aurrean, Eguzki elkarteak adierazi du behin-behineko aparkalekuak eskainiko duen zerbitzuaren alde dagoela, baina aparkalekua betikotzearen aurka agertu da.
Izan ere, Eguzkiren arabera, eremu hori landaredi interesgarriko habitat eta konektagarritasun ekologikorako korridore gisa sailkatuta dago Plan Orokorrean: “Behin-behineko aparkalekua hartuko duen eremua gaur egun degradatuta badago ere, Barkaiztegi sagardotegiaren eta Oriamendi bitarteko erreka zuloaren ertz-ertzean dago. Eta erreka zulo horrek natura aldetik badu, bai, interesik”, adierazi du Eguzkik.
Horiek horrela, Eguzkik udalari eskatu dio “kirurgia operazioa” izan dadila; aparkalekuak, bai eraikuntzan, bai zerbitzuan dagoen bitartean, erreka zuloari ahal den kalte gutxiena egin diezaion. Bestalde, behin-behineko aparkaleku funtzioa betetzeari uzten dionean, hau da, protonterapia zentro eta kanpo kontsultak (berez dagozkien aparkalekuekin) eraikita daudenean, eremua naturalizatzea eta parke publiko bihurtzea eskatu dute.
Era berean, adierazi dute ez dutela “inolako beharrik” ikusten behin-behineko aparkalekua disuasio aparkaleku bihurtzeko: “Ez dugu beharrik ikusten, inguru hartan bertan badagoelako beste disuasio aparkaleku bat, Illunbekoa, urtean zehar oso erabilera mugatua duena”, nabarmendu du Eguzkik.