Sortuk manifestazioa egingo du Kontxako Banderaren bigarren igandean
Sortuk irailaren 10ean Donostian manifestazioa egingo duela iragarri du, “independentziarako indarra biltzeko eta aldaketaren aldeko olatua sustatzeko”. Izan ere, manifestazioak bat egingo du Kontxako Banderaren bigarren asteburuarekin, eta manifestazioa ere festa girokoa izango dela aipatu dute. Manifestazioa 13:30ean hasiko da Bulebarretik.
Alderdi independentistaren arabera, “Euskal Herrian ziklo politiko berri baten zantzuak gero eta nabarmenagoak dira”, eta “aldaketaren olatua” iritsi dela ziurtatu du, maiatzaren 28ko eta uztailaren 23ko hauteskundeen emaitzak aipatuta.
Zabalik dituen hainbat erronka aipatu ditu Sortuk: zaintza sistema, etxebizitza eskubidea, hizkuntz eskubidea, aberastasunaren banaketa, trantsizio ekologikoa eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea, besteak beste. “Arraun ezberdinak, baina denak traineru berean, burujabetza gero eta gehiago izateak emango baitizkigu eskubide horiek guztiak bermatzeko tresnak”, nabarmendu dute.