Aiete Kultur Elkartea eraberritzeko lanak onartu ditu udalak
Udalak Aieteko Kultur Elkartea eta kirol pista eraberritzeko lanak onartu ditu gaur (hilak 29) egindako Tokiko Gobernu Batzordean. Erabakitakoaren arabera, Aiete pasealekuko 124. zenbakian dagoen kirol pista estali egingo da, eta horren barruan dagoen kultura eta kirol elkartea berreraiki; elkarte berrituan sukaldea jarriko da.
Eneko Goia alkateak gogoratu duenez, hasiera batean auzoko anbulatorioa zegoen aurreikusita leku horretan, baina “auzotarren eskariz lekuz aldatzea erabaki zen”. Gaurko erabakiak asmo hori “berretsi” egiten duela nabarmendu du alkateak.
Jolastokirako proposatutako estalkiak kirol pistako 1.100 metro karratuak estaliko ditu, eta zeharrargia izango da, eguzkiaren argia sartzen uzteko. Multzoaren guztizko altuera hamar metro ingurukoa izango da, barruan zazpi metroko altuera librea eduki ahal izateko, Kirol Kontseilu Gorenaren arabera behar den gutxieneko altuera. Estalkiak futbolean eta eskubaloian jokatzeko aukera emango du, eta bolo txapelketa ofizialak eta toka-jokoa programatuko dira.