«Benetan zer gertatu zen ez erakusteko interes ezkutuak daude»
210 urte beteko dira aurten 1813ko abuztuaren 31n Ingalaterrako tropek, Wellingtongo dukeak gidatuta, Donostia arpilatu zutenetik. Gertatutakoaren hainbat bertsio azaldu dira azken urte hauetan, baina Donostia Sutan kultur elkarteko kideek duela hamar bat urte beste bertsio bat kaleratu zuten. Jexux Arrizabalaga (Azpeitia, Gipuzkoa, 1947) eta Jone Auza (Donostia, 1960) dira elkarteko kideetako bi, eta 'Berria' egunkariak elkarrizketa egin die. Sarraskiaren gordintasuna erakutsi nahi dute, jendeak jakin dezan «benetan zer gertatu zen». Hainbat ekintza antolatu dituzte horretarako; tartean, gaur 18:30ean egingo duten testigantza irakurketa.
Abuztuaren 31ko sarraskiaren inguruko ekintzak antolatzen dituzten elkarte bat baino gehiago dago hirian. Zer egiten du zuen elkarteak?
JESUS ARRIZABALAGA: Egun horretan desfile militarra egiten da, eta gu horren guztiz kontra gaude. Ez du islatzen gertatutakoa. Desfilean tropa ingelesak eta frantsesak elkarren aurka borrokatzen dira, eta sarraskiaren inguruan ez dute ezer adierazten. Guretzako garrantzitsua da sarraski hori erakustea, jendeak jakin dezan zer gertatu zen.
JONE AUZA: Horregatik jaio zen elkartea. Ikusten genuen hori erakusten zela nagusiki, eta jendeak ez zuela ideiarik benetan zer gertatu zen. Dokumentazioa agertzen joan zen heinean, iruditu zitzaigun bazela garaia jendeari kontatzeko hori ez zela horrela izan, eta ez dagoela ospatzeko ezer.
Horregatik esaten duzue «sarraski isildua» dela?
ARRIZABALAGA: Bai, nahiz eta historialari ofizialek, agian, jakingo duten zer gertatu zen benetan, ez dute erakutsi. Benetan zer gertatu zen ez erakusteko interes ezkutuak daude. Desfilea antolatzen duten horiek dute interesik handien benetan zer gertatu zen ez azaltzeko. Turistentzat, esaterako, oso erakargarria izaten da desfilea.