Donostia International Physics Center handitzeko tramiteekin hasi da udala
Donostia International Physics Center (DIPC) bikaintasuneko ikerketa-zentroa handitzea onartu du gaur (hilak 29) Tokiko Gobernu Batzordeak. Eraikin berriak 6.800 metro koadro inguru izango ditu, eta egungo aparkalekuan kokatuko da.
Eneko Goia alkatearentzat DIPCk garatzen duen proiektua “garrantzitsua” da hiriarentzat: “Gure bikaintasunaren ikurra da nazioarteko ikerketa zientifikoari dagokionez”. Bere esanetan, Donostia nazioartean “erreferentziazko hiria” da ikerketaren alorrean. Hori “horrelako zentroei esker” lortzen dela aipatu du, DIPCri erreferentzia eginez, zientziaren eta teknologiaren esparruan dabiltzan “hirien sareen munduko mapan kokatzen gaituztelako”.