Euskal Jaietan murgilduko da hiria beste urte batez
Hilaren 30etik irailaren 10era, 60 jarduera egongo dira hirian: Kontxako Bandera, Sagardo Eguna eta Gaztelu Eguna, besteak beste.
Aste Nagusiko ajeak pasatzeko tarte handirik gabe, hemen dira 2023ko Euskal Jaiak. Hilaren 30ean hasiko dira, Kontxako Banderaren emakumezkoen sailkatze estropadarekin. Bukatu, berriz, irailaren 10ean egingo dira, estropaden irabazleei banderak ematerakoan. Tarte horretan, 60 jarduera antolatu dituzte. Nekane Arzallus lehen alkateordeak esan duenez, Euskal Jaiak “aukera paregabea dira lurraldeko sortzaileek eta ekoizleek eskaintzen dituzten jardueretaz gozatzeko”.
Larunbat honetan, irailaren 2an, Sagardo Eguna ospatuko da Plaza Berrian, 11:00etatik 13:45era. Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen koordinatzaileak aipatu duenez, aurtengoa 36. edizioa izango da. 34 ekoizlek hartuko dute parte, eta, iazko uztaz gain, lehen aldiz 2023ko muztioa dastatzeko aukera egongo da. Aurten ere kopan izango da dastatzea, eta zortzi eurotan kopa eta 10 trago erosi ahalko dira. Berritasun moduan, gero kopa itzultzeko aukera egongo da, eta bi euro itzuliko dira. Gainera, aurten hiru sagardogilek omenaldia jasoko dute: Satxota, Setien eta Alberro sagardotegikoek, hain zuzen.
Hurrengo larunbatean ere, irailaren 9an, egun osoko egitaraua prestatu dute, Gaztelu Eguna izango baita. Elias Arruebarrena antolatzaileetako batek nabarmenu du egun hori “duela 210 urte gure arbasoek hiria berreraikitzea erabaki zutela gogoratzeko, oroitzeko eta ospatzeko” dela. Hala, Euskal Jaiek duten ezaugarri guztiak betetzen dituela gehitu du: kulturala, folklorikoa eta festan oinarritutakoa. “Donostiarrak garela ospatu nahi dugu”, adierazi du Arruebarrenak. Gaztelu Eguneko jarduerak 11:30ean hasiko dira Trinitate plazan, eta 20:30ean bukatu, Plaza Berrian Zubietako aktak irakurtzen dituztenean. 1813ko sutean eta sarraskian hil zirenei ere omenaldia egingo diete, 19:00etan Ingelesen hilerrian. Pasa den larunbatean desfile antzeztua egin zuten abuztuaren 31ko gertakariak gogoratzeko.
Parte Zaharreko jai batzordearen egitaraua
Donostiako Festakek antolatzen dituen jarduerez gain, Parte Zaharreko Euskal Jaiak jai batzordeak ere hainbat jarduera antolatzen ditu. Esaterako, Orkestra lurtarra ikusteko aukera egongo da irailaren 6an San Jeronimoko hitzaldi aretoan, 17:30etik aurrera, eta irailaren 7an 21:30ean Karpeta urdinak dokumentala proiektatuko dute Trinitate plazan (euria eginez gero, Plaza Berrian). Horiez gain, irailaren 9an Urgulleko XXI. krosa, Jonpa saria edota Kontxako Bandera amaitutakoan Sarriegi plazan sardina jatea ere antolatu dituzte.