Eusko Jaurlaritzak ikasturte politikoa hasi du Miramar jauregian
Eusko Jaurlaritzak urte politikoko lehen Gobernu Kontseilua ospatu du gaur, Donostiako Miramar Jauregian. Iñigo Urkullu lehendakariari eta sailburuei harrera egin diete Eneko Goia Donostiako alkateak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak.
Urkulluk adierazi du gaur hasi dela ikasturte politiko berria, legegintzaldi honetako azkena, eta Gobernu Kontseiluko lehen bileran Eusko Jaurlaritzak orain arte egindakoari eta etorkizunean egiteko duenari buruz aritu da. Azken hiru urteak “ez direla errazak izan” aitortu du, hainbat krisiren ondorioz: pandemia, Ukrainako gerra, erregaien eta energiaren krisia eta inflazioaren igoera. Arazo horien aurrean, gizarteak “egonkortasuna” nahi duela adierazi du lehendakariak, eta bizi kalitatea hobetzeko “egunez egun gero eta lan gehiago” egitea aurreikusten duela. Adierazi duenez, EAEk “zerbitzu handiak” eskaintzen ditu, baina horiek hobetzea “betebeharra” dela nabarmendu du.
Enpleguari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak espero du Gizarte Segurantzan milioi bat afiliatuen langa gainditzea, eta enplegua sortzen jarraitzea. “Enpleguak kalitatezkoa izan behar du, lan baldintza onak eta soldata ona eskainiko dituena”. Ildo horretan, gazteei lan baldintza onak eskaintzearen garrantzia azpimarratu du Urkulluk, emantzipaziorako “gakoa” dela iritzita.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak “bere etxebizitza politika sustatzen” jarraituko duela azaldu du, “azken 30 urteotan bezala”. Gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko borroka ere izan du hizpide Urkulluk. “Zoritxarrez, uda honetan argi ikusi dugu urrun dugula oraindik”, gehitu du, Rubiales auziari erreferentzia eginez.
Bestealde, garapen jasangarriaren ereduaren aldeko apustua berretsi du, eta azkenik, Makroeskualde Atlantiko bat sortzeko aldarriari eutsi diotela gogorarazi du.
Estatu eredu berri bat
Legegintzaldi honen azken ikasturtean egin beharrekoei dagokionez, Urkulluk esan du “aukera berri bat” ireki daitekeela hauteskunde orokorrek utzitako emaitzen ostean. Adierazi duenez, Kongresuan gehiengoa osatzeko, “beharrezkoa” izango da EAEren, Herrialde Katalanen eta Galiziako alderdi abertzaleen babesa. Aukera hori aprobetxatzeko deia egin du “Trantsizioak estatuko lurralde-auziari dagokionez ondo konpondu ez zuena jorratzeko”.
Estatu eredu berri baten sorreraren inguruan aritu da Urkullu: “Estatu eredu berri bat sortzeaz ari naiz, gaur egungo errealitateari erantzun egoki eta justuago bat emango diona. Ez dugu ahaztu behar EAEn badela gehiengo zabal bat autogobernu gehiago eta hobea lortzearen aldekoa. Eta erantzuna eman behar zaio, ahalik eta adostasun zabalena bilatuz, gure gobernu programan jasota dugun bezala”.