Hiriko zenbait parke eta zoladura berrituko ditu udalak
Tokiko Gobernu Batzordeak hiriko bost haur parke eta zenbait zoladura berritzea onartu du gaur, hilak 29. Bost parkeen berritzeak 200.000 euroko aurrekontua izango du, eta hamasei asteko epea egongo da parke bakoitzeko berritzeko. Zehazki, honako parkeak berritzea onartu dute: Bernart Etxepare plaza (62.000 euro), Matigoxotegi (31.500 euro), Ander Arzelus Luzear plaza (41.500 euro), Larratxo parkea (47.500 euro) eta Zarautz kalea 79-81 (17.500 euro).
Bestalde, hiriko zenbait zoladura ere berritzea onartu dute gaurko bileran. Udalak aipatu du lan horien helburua egungo segurtasun azalerak berritzea, eta erabilera seguruko baldintzak, funtzionaltasuna eta estetika orokorra bermatzea direla. Orotara, 99.413 euro erabiliko dira horretarako. Lanak bi lotetan banatu dira, eta zortzi asteko egikaritze epea egongo da lote bakoitzeko. Lehen loteak 49.364 euroko aurrekontua izango du, eta Morlans, Bascongada, Tokieder eta Madinabeitia doktorea barnebiltzen ditu. Bigarrenak, berriz, 50.049 euroko aurrekontua du, eta berritu beharreko zoladurak Indianoene, Konporta plaza, Herrera 82-84 eta Molinao 80-82 dira.