Inoiz baino film klasiko gehiago berreskuratuko ditu Zinemaldiak
71. Zinemaldiko Klasikoak sailak zinemaren historiako film klasikoak bildu ohi ditu, eta aurten inoiz baino gehiago berreskuratuko ditu. Zehazki, zortzi film ikusi ahalko dira sail horretan, horietatik bi, gainera, argitaragabeak. Hauek dira filmak: Akai tenshi (Yasuzo Masumura, 1966), Aloïse (Liliane de Kermadec, 1975), Fúria espanyola (Francesc Betriu, 1975), Nagaya Shinshiroku (Yasujiro Ozu, 1947), Nueve reinas (Fabian Bielinsky, 2000), Principio y fin (Arturo Ripstein, 1993), Festival en la entrañas (Jose Val del Omar, 1963-1965) eta El realismo socialista (Raul Ruiz, 1973-2023). Azken bi horiek argitaragabeak dira, eta Zinemaldian estreinatuko dituzte.
Txinako eta Japoniako gudan girotuta dago Akai tenshi, eta film horrekin irekiko dute saila. Aloïse-ri dagokionez, Aloise Corbaz artista suitzarraren bizitzan oinarrituta dago, eta Isabelle Huppert eta Delphine Seyrig aktoreek gorpuzten dute protagonista, Huppertek gaztaroan eta Seyringek helduaroan.
Fúria espanyola, aldiz, futbola, politika eta kritika soziala uztartzen dituen komedia beltza da. Nagaya Shinshiroku-k II. Mundu Gerra amaitu eta gutxira haur baten ardura bere gain hartzen duen bikote baten istorioa kontatzen du. Nueve reinas-ek elkarrekin negozio bat irekitzen duten bi iruzurgileren istorioa kontatzen du, eta 4k bereizmenean berreskuratu dute.
Argitaragabeak diren bi filmei dagokienez, El realismo socialista ez zuen sekula amaitu Raul Ruiz zinemagile txiletarrak, baina Valeria Sarmiento zuzendariak, Ruizen alargun eta haren lankide ohiak, obra berreskuratu eta amaitu du. Langile mundua eta burgesia intelektual txikiaren mundua lotzen ditu filmak. Festival en la entrañas, aldiz, tactilvision teknikarekin grabatu zuen Jose Val del Omarrek, Espainiako Informazio eta Turismo Ministerioaren enkarguz. Espainiako hainbat lekutako kulturaren, folklorearen eta monumentuen adierazpenak jasotzen ditu, hamar film laburretan; horietako bi berreskuratu ditu Zinemaldiak. Gainera, Omarren inguruko erakusketa birtual bat jarriko dute Artxiboak atalean, zinemagileak jaialdiarekin izandako harremana erakutsiko duena, elkarri bidalitako gutunen bidez.