Juan Kruz Mendizabal 'Kakux' Beasaingo elizako apaiz laguntzaile izendatu du Donostiako gotzainak

Fernando Prado Donostiako gotzainak kargu bat eman dio Juan Kruz Mendizabal Kakux Gipuzkoako bikario nagusi ohiari, Vatikanoak adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik zigortu bazuen ere. Zehazki, Pradok Beasaingo elizako apaiz laguntzaile izendatu zuen Kakux uztailaren amaieran. Kakuxen inguruko azken albisteak ere Pradorekin zerikusia zuen, iazko urrian hartu baitzuen kargua, eta izendapen ekitaldian bikario nagusi ohia agertu zen, denbora luzez fokutik kanpo egon ostean.
Kakux pederastiagatik zigortu zuen Vatikanoak, hainbat gizonek bere aurkako salaketa jarri zutenean. Kakuxek berak onartu zituen akusazioak gerora. Gizonek emandako testigantzen arabera, haur eta nerabeak zirenean, Kakuxekin udalekutan zeudela jasan zituzten eraso sexualak, apaizarekin zuten harreman ona baliatuta. Besteak beste, lotan zeudenean kanpin dendara sartu, haurrak ukitzen zituen eta masturbatzen zen, biktimetako batek Berria-n kontatu zuenez.
Jose Ignacio Munillak 2016ko martxoan izan zuen salaketen berri, eta handik hilabetera kargugabetu zuten Kakux, ordura arte Gipuzkoako bikario nagusi zena. Gotzaindegiak zabaldu zuen informazioaren arabera, 2001ean eta 2005ean orduan adingabe ziren bi mutili egindako “ukitze desegokiak” jasotzen dira salaketa horietan. Gerora, gazte gehiagok jarri zuten salaketa.
Mendizabalen abusuak preskribatuta zirela erdietsi zuen Fiskaltzak, eta kasua artxibatzea erabaki zuen. Kontrara, ordea, justizia eklesiastikoak prozesua zabaldu zuen, eta bertan erruduntzat jo zuten apaiza. Hain zuzen, horregatik, Gipuzkoatik erbesteratu zuten monasterio batera, eta beste elizgizon baten tutoretzapean, terapia psikologiko eta espirituala egiten aritu omen da.