Mojo Workin' jaialdia bueltan da
Albiste on batekin hasi dute hastea musika beltzaren zale donostiarrek: Mojo Workin’ jaialdia itzuliko da! Etenaldi luze baten ondoren, jaialdiak sare sozialetan iragarri du datorren urteko martxoan itzuliko dela, martxoaren 8an eta 9an, zehazki. Ez dute informazio handirik eman oraindik, zera esan dute soilik: “Itxura berria, arima bera“. Hain zuzen ere, Dabadaba aretoan egingo dute, Egia Kultur Etxeko Gasteszena aretoan egin ordez.
Gure Gauza Kultur Elkartea da Mojo Workin’ jaialdiaren antolatzailea, Arkaitz Kortabitarte Punko buru. 2010ean sortu zen, 1960ko hamarkadako Amerikako Estatu Batuetako rhythm & bluesa eta soula Donostiara ekartzeko helburuarekin, eta hori egin zuen 2019ra arte, etengabe handituz. Horrela, garai hartako musikariak ekartzen zituzten, eta garai hartan atera zituzten diskoetako abestiak jotzen zituzten, nagusiki jatorrizko bertsioetan, ondoren egindako konponketarik gabe. Tokiko musikariek osatutako banda bikaina izaten zuten alboan 1960ko hamarkadako izarrek, eta emanaldi bereziak izan ohi ziren. Gainera, musika beltzaren zaleentzat ez ezik, Donostiako, Euskal Herriko eta estatuko mod askorentzako bilgunea zen Mojo Workin’ jaialdia.
2020an, hamaikagarrenez egitekoak ziren, baina jaialdiaren asteburuan bertan konfinamendua ezarri zuten, koronabirusaren pandemiarengatik. Hori dela eta, bertan behera utzi zuten dena, eta horrek galera ekonomiko handiak eragin zizkien antolatzaileei: “Egin ditugun kalkuluen arabera, elkarteak 50.000 bat euro zor ditu, eta jaialdiak 65.000 eta 70.000 euro arteko galerak izan ditu”, azaldu zion Punkok hedabide honi 2020ko martxoan bertan. Halaber, elkarrizketa berean, Punkok baieztatu zuen ez zela Mojo Workin’ gehiagorik egongo.
Ordea, hiru urte pasatu dira ordutik, eta biziberritu egin da jaialdia, eta beste espazio batean bada ere, 2024an musika beltzaren doinuak Egiara itzuliko dira, Dabadabara.