Udalak bi kargu izendatu nahi ditu funtzionario eta euskaldun izateko baldintzak bete gabe, LABen arabera
Donostiako Udaleko LAB sindikatuaren sail sindikalak salatu duenez, “Eneko Goiaren udal gobernuak izendatu nahi dituen bi zuzendari berriei ez dizkie euskaldunak eta funtzionarioak izateko baldintzak betebehar gisa ezarri nahi”.
Sindikatuak azaldu duenez, “joan den uztailaren 26ko data daraman udalbatzarentzako eskarian, hainbat lege aipamenetan oinarrituz, zera aipatzen da: ‘Salbuespen gisa, udaleko osoko bilkurak, alkatetzak proposatuta, erabaki arrazoitu baten bidez eta garatu behar diren funtzioak kontuan hartuta, zehaztu ahal izango du zein jardun arlo edo eremutan izenda daitezkeen enplegatu publiko ez diren pertsonak […]. Udaleko zuzendaritza organoetako lanpostuen egungo zerrendak Osasun eta Ingurumen zuzendari, eta Pertsonak Kudeatzeko zuzendari lanpostuak hartzen ditu, Donostiako Udaleko karrerako funtzionarioentzat gordeta'”.
Ordea, LABen arabera, “Ekonomia, Tokiko Enplegu eta Ekologiarako zinegotzi ordezkariak [Marisol Garmendia], eta Pertsonen, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Aurrekontuen zinegotzi ordezkariak [Kerman Orbegozo], justifikazio- txostenak egin dituzte, Osasun eta Ingurumeneko eta Pertsonen Kudeaketako zuzendaritza organoetan funtzionario izateko betebeharretatik kanpo uzteko beharrari buruz”. Horrez gain, sindikatuak salatu du udal gobernuak ez duela bermatzen izendatu nahi dituen kargu horien “euskararen ezagutza ere, Donostiako Udal Lanpostuen Zerrendan Donostiako Udaleko zuzendari lanpostu guztiek gutxienez hirugarren hizkuntza eskakizuna gainditua izan behar dutela dioen arren. Oain arteko Pertsonen Kudeaketarako zuzendariak baldintza hori betetzen zuen; ez, aldiz, Osasun eta Ingurumen zuzendariak”.
Sindikatuak “ostikotzat” jo du udal gobernuaren proposamen hori: “Karrerako funtzionarioen eta euskaldunen aurkako ostiko berria da udal gobernuak eginiko proposamena. Batetik, udal funtzionarioen artean horrelako kargua eskuratzeko aukera murrizten delako, karrerarako aukera ukatuz. Eta, bestetik, azken hiru hamarkadotan udal langileen euskalduntzearen esparruan eginiko ahaleginak zapuzten dituelako, zuzendari ez euskaldun batek euskaldundu diren langile guztiak espainolez lan egitera derrigortzen baititu”.