Altxerrin umorezko bakarrizketen ziklo bat egingo dute
Altxerri aretoa kontzertuengatik da bereziki ezaguna Donostian, baina azkenaldian umorezko ikuskizun batzuk ere ikusi ahal izan dira bertan –Yunez Chaib egon zen ekainean, besteak beste–, eta arduradunek norabide horretan beste pauso bat ematea erabaki dute, umorezko bakarrizketen ziklo bat antolatu baitute: Altxerri Comedy.
Horrela, irailetik otsailera, umorezko zazpi ikuskizun ikusi ahalko dira areto horretan, hilabetero bat, gutxi gorabehera. Irailaren 15ean hasiko dira, Miguel Camposen bakarrizketarekin. Campos La Resistencia telesaioko gidoilaria da besteak beste, eta Para una vez que hablo ikuskizuna eskainiko du.
Hortik aurrera, hauek izango dira zikloaren barruan ikusi ahalko diren emanaldiak Bianca Kovaksen Una Rumana Muy Legal urriaren 1ean, Raul Massana ariko da azaroaren 11n, Sergio Bezosen Sergio Bezos ha llegado a tu ciudad ikusi ahalko da azaroaren 17an, Ane Lindane eta Raquel Torresen Despotorre abenduaren 3an, Charlie Peeren Mamasita urtarrilaren 14an eta Fran Patiren Moderno otsailaren 4an.
Gero eta bakarrizketa gehiago
Estatuko beste hiri batzuetan halako zikloak eta umorezko bakarrizketak egiteko zein testuak probatzeko espazioak ohikoagoak dira, baina Euskal Herrian ez daude horren zabalduta. Ordea, arlom horretan Donostian azken hilabeteotan abiatzen den bigarren proiektua da Altxerrikoa. Izan ere, Hiru Damatxo ekoiztetxeak Karkarkar egitasmoa abiatu zuen ekainean, euskarazko umorezko bakarrizketak egiteko probaleku gisa.
Bi saio egin dituzte orain arte, Dokan, arrakasta handiarekin, bietan sarrerak agortu baitziren. Hurrengoa irailaren 14an egingo dute, eta oraingoan lau lagun lehenengo aldiz igoko dira oholtza batera stand-up estiloko umorea egitera (bakarrizketak): Esti Curiel, Erik Urbieta, Noemi Cupido eta Xabier Arraztoa. Mikel Irazustak gidatuko du saioa, eta Antton Telleria izango da gonbidatu berezia. Sarrerak asteartean jarri zituzten salgai, eta asteartean bertan bukatu ziren.