Hemezortzi traineru iganderako txartela lortzeko lehiatuko dira
Iritsi da Kontxako Banderako lehenengo zita: emakumezkoen sailkatze estropada egingo dute gaur, hilak 30, 18:00etan. Hemezortzi traineru iganderako zazpi plazetako bat lortzeko lehiatuko dira –Donostiarrak sailkatze estropada egin gabe hartzen du parte–, eta batzuek sailkapena ia ziurtatuta badute ere, beste batzuen kasuan zalantzak daude.
Rianxoren bajaren ostean, hauek dira arratsaldean itsasoratuko diren traineruak: Cabo, Cesantes, Chapela, Salgado Perillo, Deusto, Donostia Arraun Lagunak, Hernani, Hondarribia, Hibaika, Kaiku, Mugardos, Ondarroa, Orio, Astillero, Tiran, Tolosaldea, Zarautz eta Zumaia.
Egindako denboraldia kontuan hartuta, aurreikusi daiteke Donostia Arraun Lagunak Euskotren Ligako garailea, Orio, Tolosaldea, Hondarribia, Hibaika eta Cabo sailkatu egingo direla, eta Oriok eta Donostia Arraun Lagunakek egingo dituztela denborarik onenak. Ordea, zazpigarren plaza nork lortuko duen ez dago horren argi, eta plaza horrengatik lehiatuko dira gainontzekoak, baina bereziki Tiran, Chapela, Kaiku eta Zumaia.
Horrela, A taldean Cabo, Chapela, Donostia Arraun Lagunak, Hondarribia, Hibaika, Kaiku, Orio, Tiran eta Tolosaldea lehiatuko dira. B taldean, aldiz, Cesantes, Salgado Perillo, Deusto, Hernani, Mugardos, Ondarroa, Astillero, Zarautz eta Zumaia ariko dira. Lehenengo taldea izango da, beraz, indartsuena, eta zale donostiarren arreta handiena bereganatuko baitu, sailkatze estropadan parte hartuko duen klub bakarra ariko baita bertan, Donostia Arraun Lagunak.
Ziurtasunetatik eta zalantzetatik harago, denek gogor lan egin beharko dute badian, ibilbideko 2.778 metroak ahalik eta azkarren egiteko; eguraldia ere kontuan izan beharko dute, haizea eta olatuak espero baitira.