Hizkuntzaren psikologian sakonduko dute BCBLk Kursaalen egingo duen nazioarteko kongresuan
Hizkuntzaren psikologian ematen ari diren aurrerabide nagusiak aurkeztu eta sakontze aldera, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroak aurrenengo aldiz ekarriko du nazioarte mailako AMLaP (Architectures And Mechanisms For Language Processing) biltzarra Donostiara. 29. edizio honek, abuztuaren 31 eta irailaren 1a bitartean Kursaalen egingo denak, mundu mailako adituak elkartuko ditu, hizkuntzaren prozesamenduarekin loturiko arkitektura eta mekanismo kognitiboetan jakitunak.
Manuel Carreiras BCBLko zuzendari zientifikoaren arabera, 430 pertsona inguru bertaratzea espero dute, munduko leku ezberdinetatik etorritako ikertzaileak barne. 350 aurkezpen eta hitzaldi baino gehiagok osaturiko programa izango dute, hizkuntzaren psikologiarekin lotutako ikuspuntu psikologiko, konputazional eta teorikoak eskaintzeko asmoz.
Forora bertaratuko den aditu ororen artean, Esti Blanco-Elorrieta euskal psikolinguistaren izena nabarmendu dute, Nueva Yorkeko Unibertsitateko hizkuntzaren neurozientziarako laborategiko zuzendaria. Bere ikerketan, pertsona elebakar eta eleanitzen ezagutzak batzen ditu, hizkuntza prozesatzeko hizketa edo zeinu hizkuntza baliatzen dutenak, bere helburua hizkuntzaren neurobiologia inklusibo eta osora iristea izanik. Hori lortzeko, neuroirudi bidezko datuak, metodo konputazional zein jokabide metodoak konbinatzen ditu hizkuntzalaritza, psikologia eta neurozientziaren gaineko ezaguera teorikoekin.
Esti Blanco-Elorrietaz gain, hurrengo hizlariek ere parte hartuko dute AMLaP-aren edizio honetan: San Diegoko Unibertsitateko Victor Ferreira irakaslea; Nimegako Radbound Unibertsitateko (Herbehereak) irakasle eta ikertzailea den Vitoria Piai; eta Ikerbasqueko ikertzaile zein BCBLko Neurozientzia konputazionala taldeko buru den James Magnuson.