Porrontxo jaietako danborradan izena emateko epea ireki dute
Egiakoak Porrontxo jaietarako prestatzen ari dira dagoeneko, eta danborradan izena emateko epea ireki dute. Hain zuzen ere, hilaren 30ean eta 31n iaz atera ziren auzotarrek izena eman ahalko dute, eta irailaren 1ean eta 2an aurten lehenengo aldiz atera nahi dutenek. Izena emateko, porrontxojaiak@gmail.com helbidera mezu bat bidali behar da, upela ala danborra jo nahi den adieraziz. Izena ematen dutenen ordenaren arabera osatuko dute zerrenda, eta plaza lortzen duen norbaitek ezin badu danborradan parte hartu, ezingo dio bere lekua beste norbaiti pasa; itxaron zerrendako hurrengoari emango diote plaza hori. Aipatu daten aurretik edo ondoren bidalitako mezuak ez dituzte kontuan izango.
Entseguak irailaren 4an eta 6an egingo dituzte, 19:00etan, Plaza Haundin; aurretik Arrano elkartetik pasatu behar dira parte hartzaileak, danborraren edo upelaren bila. 12 urtetik beherakoek etxetik eramango dituzte danborrak, eta izen ematea doakoa izango da. 12 urtetik gorakoek, aldiz, 10 euro ordaindu beharko dituzte, entseguan bertan (entsegu batera joan behar da, gutxienez). Ondoren, danborrada jaietako larunbatean egingo dute, irailaren 16an. Danborrada berezia izan ohi da, Dragoi Bola telesaileko kanta eta halako kanta ezohikoak jotzen dituztelako. Hemen ikus ditzakezue iazko danborradako argazkiak eta bideoa.