Udako azoka ekologikoa egingo dute larunbatean Bulebarrean
Irailaren 2an, Donostiako Euskal Jai Egunez, elikagai ekologikoen azoka antolatu du Bulebarrean Biolur elkarteak, Donostia Kulturaren eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren kontseiluaren lankidetzarekin. Topagune honetan, barazkiak, ardi eta behi gazta, eztia, gozoak, ogia, marmeladak, olioa, arrautzak eta sagardoa erosi ahal izango dira, besteak beste. Hogei bat parte hartzaile izango dira azokan; gehienak, Gipuzkoako ekoizleak izango dira, baina Bizkaitik, Nafarroatik, Iparraldetik eta Errioxatik ere etorriko dira, azokan otarra osatzeko bertako eta gertuko produktu ekologikoak eskuragarri izanik.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimena nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren sustapenerako erakusleiho da, eredu ekologikoak eta azokek duten balioa bistaratzen dituztelako. “Bizitzen ari garen garai nahasi hauetan, eredu ekologikoan urrats sendoak ematea ezinbestekoa da, ekoizpenetik kontsumorainoko bidean, sektorearen iraunkortasuna eta ingurumena eta pertsonen osasuna erdigunean jarri nahi baditugu behintzat”, adierazi dute.
Esan bezala, larunbatean Bulebarrean gozatu ahal izango da azoka honetaz, 10:00etatik 14:00ak arte.