1923ko Kontxako Banderan gertatutakoa berreskuratu dute
Askotariko jarduerak antolatu dituzte aurten ere Arraun Astearen barruan.
Euskal Itsas Museoak eta Aquariumak #Kontxa100 proiektua garatu dute aurten ere, zazpigarren urtez. Duela 100 urteko Kontxako Banderan gertatutakoa berreskuratzea da proiektuaren helburua, eta aurten, noski, 1923ko Kontxako Banderaren txanda izan da. Horrela, Ciaboga aldizkarian luze eta zabal kontatu dute 1923ko estropadak nolakoak izan ziren eta zer testuingurutan gertatu ziren, eta, horrez gain, Arraun Astea antolatu dute, askotariko jarduerekin. Egitasmoaren aurkezpena egin dute goizean Euskal Itsas Museoan Eneko Goia alkateak, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako diputatuak, Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendariak eta Alejandro Larrode Aquariumeko Museo arloko koordinatzaileak.
Aurkezpenean azaldu dutenez, egitasmoak estropaden kultur ondarea eta ondare historikoa berreskuratu nahi ditu, eta hori bera nabarmendu du alkateak: “144 urte dira Kontxako Bandera existitzen dela, eta 127 aldiz egin dira estropadak. Gauzak asko aldatu dira, baina tradizioak bere lekua dauka oraindik ere, eta Donostiak arraunarekin duen lotura argi ikusten da: Donostia Arraun Lagunakek garaipenak ekarri dizkigu, eta beteranoetan ere Fortunak liga irabazi berri du. Orain mutilek irabaztea baino ez da falta!”. Era berean, 1923. urtea Donostiako historian garrantzitsua izan zela gogoratu du alkateak: “Primo de Riveraren estatu kolpea gertatu zen orduan, eta horrek aldaketa asko eragin zituen hirian, besteak beste, jokoa debekatu zelako”.
‘Ciaboga’ aldizkaria
Aurtengo Ciaboga aldizkarian Primo de Riveraren estatu kolpeaz, Alemaniak Lehenengo Mundu Gerraren ondorioz bizi zuen inflazioaz eta horrek nazioartean zuen eraginaz eta bestez hitz egin dutela azaldu du Larrodek, baina, batez ere 1923ko estropadez hitz egin dute, jakina. Estropada berezia izan zen, bi aldiz atzeratu behar izan baitzuten itsasoaren egoera txarrarengatik; azkenean, irailaren 30ean egin zuten. Alberdik gogorarazi du Oriok irabazi zuela orduko Kontxak Bandera, eta, hain zuzen ere, jatorrizko bandera Euskal Itsas Museoan dago ikusgai. Bestalde, aurtengo Ciaboga aldizkaria irailaren 8an argitaratuko dute, eta Aquariumen eta Euskal Itsas Museoaren webguneetan eskuragarri egongo da.
Alberdik gaineratu duenez, gaur egun Kontxako Banderak kultur eta ondare balio handia badu, duela 100 urte ere bazituen: “Parekorik ez zuen ekitaldia zen, eta agintari nagusiak etortzen ziren: Espainiako errege-erreginak, printze-printzesak, infantak, eta abar. Kirol ikuspegitik ez ezik, ondarearen ikuspegitik ere baliotsua zen Kontxako Bandera orduan, eta kontziente ziren. Hain zuzen ere, baliteke Kontxako Banderan grabatutako lehenengo irudiak 1923koak izatea, Eusko Ikaskuntzak euskal kirolei buruzko dokumental bat egin baitzuen, eta tartean arrauna zegoen, Kontxako Banderan grabatutako irudiekin islatzen zutena”.
Alberdiren arabera, duela 100 urte dagoeneko garai bateko marinelen “oinordekotzat” jotzen zituzten Kontxako Banderan parte hartzen zuten arraunlariak: “Ondare balioa presente zegoen orduan ere, argi eta garbi”.
Bi erakusketa
Ciaboga-ren argitalpenaz gain, bi erakusketa antolatu dituzte Arraun Astean: #Kontxa1923: Duela 100 urteko estropada Euskal Itsas Museoan, eta Izerdia eta kresala. Sudor y salitre en el Cantábrico Aquariumen.
Euskal Itsas Museokoa irailaren 1etik 17ra egongo da ikusgai, eta 1923ko Kontxako Banderako gertaeren errepasoa egiten du, jatorrizko objektuen eta irudien bidez. Hain justu, Alberdik azaldu du dokumentazioan badatozela urte hartako estropadan parte hartu zuten arraunlari guztien izenak, Donostiarrakoenak izan ezik; horregatik, euren argazkiak ikusgai jarri dituzte, eta herritarren laguntza eskatu dute arraunlari horiek identifikatzeko.
Bestalde, Aquariumeko erakusketari dagokionez, Humberto Bilbao argazkilariaren egungo estropaden argazkiak biltzen ditu; irailaren 1etik urriaren 13ra arte ikusi ahalko da, eta irailaren 2an bisita gidatua egingo dute argazkilariarekin, 11:00etan (izena eman behar da, museo@aquariumss.com helbidera idatzita). Era berean, Bilbaoren El sudor y salitre del Cantábrico liburuaren aurkezpena egingo dute han bertan, irailaren 1ean, 18:30ean.
Bertsoak, artea eta estropadak
Erakusketez gain, beste hainbat jarduera antolatu dituzte Arraun Asterako. Alde batetik, Boga Boga jaialdiaren barruan, Ainara Azpiazu, Debra Espinosa eta Elena Mostoenvena artistek museoko tinak ilustratuko dituzte Kontxako Banderan oinarrituta, zuzenean, Ondarretan. Irailaren 9an eta 10ean egingo dute jarduera hori, 10:00etatik 18:00etara. Eta, 10ean, familiek beste tina bat margotu ahalko dute Ondarretan bertan, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
Bestetik, Alaia Martin eta Amets Arzallus bertsolariek bertso saioa eskainiko dute irailaren 7an Aquariumeko terrazan (eguraldi txarra egingo balu, auditorioan), doan, Euskal Itsas Museoaren webgunean izena emanda. Kontxako Bandera izango dute hizpide euren bertsoetan.
Azkenik, Kontxako Bandera Euskal Itsas Museotik ikusteko aukera emango dute hirugarren urtez. Kontxako Banderaren bi igandeetan egingo dute Estropadak leihotik izeneko jarduera hori, eta joaten direnek piknik kutxa bat jasoko dute (Kofradiaren eta Mala Gissonaren eskutik). Euskal Itsas Museoaren webgunearen bidez eman behar da izena, eta 8 euroko prezioa du egitasmoak.