Hirugarren Donostia Saria egongo da, eta baliteke laugarren bat ere egotea
Iragarrita zegoen Javier Bardem aktoreak eta Victor Erice zuzendariak 71. Zinemaldiko Donostia Sariak jasoko zituztela, baina Jose Luis Rebordinos zuzendariak gaur jakinarazi duenez, hirugarren Donostia Sari bat ere egongo da. Horrez gain, baliteke laugarren bat ematea ere. Culinary Zinema sailaren aurkezpenean egin ditu adierazpen horiek, baina momentuz ez du xehetasun gehiago eman saridunen inguruan.
Hollywoodeko aktoreen sindikatuak deituta egiten ari diren greba dela eta, Zinemaldiaren antolatzaileek ez dakite Bardemek Donostiara etorri ahal izango duen Donostia Saria jasotzera. Etorriko balitz, sindikatuak jarritako baldintzak direla eta, Bardemek ez luke prentsaurrekorik eskainiko eta galan ere ezingo litzateke bideorik egin. Hori horrela izanik, Rebordinosek esan du balitekeela Bardemek saria datorren urtean jasotzea.