Yolanda Arrieta Malaxetxebarria eta Peru Galbete ariko dira Poesia Orduetan
Poesia Orduak errezitaldia antolatu dute aurten ere Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak, eta astelehenean egingo dute, irailaren 4an. Zehazki, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria eta Peru Galbeteren Etxe bat ikusi ahalko da Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan, 19:00etan. Gonbidapenak irailaren 1eko 11:30etik aurrera eskuragai izango dira Donostia Kulturaren webgunean, baita Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan ere.
Etxe bat emanaldian Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazleak jarriko ditu hitzak eta Peru Galbetek musika. Testuak idazleak argitaratzear daukan liburu batekoak dira.
Bi saio ziren eskaintzekoak, baina azkenean bakarra eskainiko dute. Izan ere, Goizalde Landabasok eta Xabier Zeberiok irailaren 5ean eskaini behar zuten Tolesdurak emanaldia atzeratu egin da, artistek ezin izango baitute orain eskaini; 2024ko martxoko Poesialdia programan ikusi ahal izango da.