Erramuak «festa giroan» jarriko dituzte estreinakoz Intxaurrondo Zaharrean
Jaiak datorren ostegunean hasiko dira, baina bihar Erramu Eguna antolatu dute, festen hasierari begira auzoa ondo atontzeko. Ohitura hori belaunaldi berriei transmititu nahi diete.
Intxaurrondo Zaharreko jaiak datorren ostegunean, irailaren 7an, hasiko dira, eta irailaren 10ean bukatuko dira, igandearekin. Peru Isasi eta Maddi Metauten jai batzordeko kideak dira, eta, iazkoen aldean, festak antolatzeko garaian aurten hobeto moldatu direla aipatu du Isasik: «Otsailean egin genuen lehen bilera, eta gure plana zen ekainerako egitaraua inprentara bidaltzea, eta aurten lortu dugu».
Jaien hasiera ofiziala ostegunerako iragarrita badago ere, bihar Erramu Eguna antolatu dute. Erramuak urtero jartzen dituzte, baina lehendabiziko aldia da jarduera hori «auzora zabaldu eta festa giroan» egingo dutena. Erramuak «Intxaurrondoko festen ezaugarrietako bat» direla nabarmendu du Isasik, lehen festa askotan jarriagatik denborarekin galtzen joan den ohitura izan arren: «Guk ohitura hori mantentzen dugu, eta gustatuko litzaiguke belaunaldi berriek ere horrekin jarraitzea; horregatik antolatu dugu». Metautenen arabera, horrekin auzotarrak «motibatzea» ere lortu nahi dute: «Auzoko jendea festen antolakuntzan murgiltzeko modu bat ere bada».
Maldapan gora, bigarrenez
Ostegunetik igandera, askotariko jarduerak prestatu dituzte adin eta gustu guztietarako. Jai batzordea sei kidek osatzen dute, baina egitarauan agertzen diren jarduerak antolatzeko jendearen laguntza izan dute. Zenbait jarduera, esaterako, Larrotxene Kultur Etxeak finantzatu ditu. «Larrotxenek beti kolaboratu izan du: orain arte haur ikuskizun bat eta igande arratsaldeko kontzertu bat ordaintzen zuten», dio Isasik. Aurten, ordea, igande arratsaldeko kontzertua kentzea erabaki dute jai batzordeko kideek, eta horren ordez larunbat gaueko Alargun Beltzaken kontzertua finantzatuko du kultur etxeak.
Herri kirolak antolatzeko ere laguntza jasotzen dute jai batzordeko kideek. Iaz arte, Intxaurrondo kalean egiten ziren, baina aurreko urtean giza proba Lizardi kaleko aldapan gora egitea otu zitzaien, Maldapa giza proba, eta horrek «beste dimentsio bat» ematen diola aitortu du Isasik. Ados dago Metauten: «Sekulako espektakulua izan zen».
Iaz Intxaurrondo eta Antigua auzoak aritu ziren nor baino nor gehiago, zortzi pertsonaren artean 500 kiloko harria aldapan gora lehenago nork eramango. Aurten ez da auzoen arteko lehiarik egongo, baina pasa den urteko denborarik onena hobetzeko erronka izango dute parte hartzaileek. Gainera, iazko arrakasta ikusita, beste proba bat gehitu diote aurten: 150 kiloko harria lau pertsonaren artean eraman beharko dute Lizardi kalean gora.
Giza probaz harago, sortzen den giroa nabarmentzen dute Isasik eta Metautenek, auzoko jendeak parte hartze aktiboa baitu: «Bilindo tabernako langileek eta bezeroek karroza moduko bat egiten dute, auzo elkartekoek Intxaurbusa egiten dute aldarrikapen moduan, haurrek har hegalari bat igoko dute kalean gora…». Jaietako alkatea ere aldapan gora igoko dutela aipatu du Metautenek: «Intxaur erraldoi bat prestatu diote. Barruan sartuko dute eta auzo guztiak tira beharko du.
Azken prestaketetan murgilduta
Egitaraua ekainerako zehaztuta zutenez, orain arte uda lasai antzean egoteko modua izan dute jai batzordeko kideek. Azken egunetan, ordea, «bertigo pixka bat» sentitzen hasi direla onartu du Metautenek, baina normaltasun baten barruan kokatu dute. Isasi: «Abuztuan nahiko lasai ibili gara, eta orain berriz begiratzen ari gara ea material guztia daukagun, ea zerbait falta den…».
Horri lotuta, Metautenek dio orain «boluntarioak lortzeko fasean» daudela, txosnan txandak egiteko jende beharrean baitaude. «Sei gara jai batzordean, baina gero txandak auzoko jendeak egin behar ditu. Dena guk egiten badugu, ez gara bizirik ateratzen», dio Isasik txantxetan. Hala ere, gehitu du azkenean urtero lortzen dutela txandak betetzea, eta ildo beretik mintzo da Metauten ere: «Denborarekin jendeari pixka bat kosta egiten zaio konpromisoa hartzea, baina gero beti daude laguntzeko prest». Txandak betetzeko taulak Zulo Zahar tabernan daude.
Horrez gain, jaiei amaiera emateko ere jarduera berezi bat antolatu nahi izan dute: Erramunstroa sortzen ari dira, eta jaien ikur bihurtzea nahiko luketela dio Isasik: «Egurrezko arku batzuk dira, eta tartean alanbrezko sare bat darama, eta hori erramuekin estalita egongo da». Ideia erritu moduko bat sortzea da, «zerbait sinbolikoagoa», Metautenen arabera, munstroari dantza egin eta, amaieran, su ematea. «Iaz ere Maldapa esperimentua izan zen eta ondo atera zen. Orduan, ikusiko dugu», esan du Isasik.