'Gernikako Arbola' gidari, askatasunaren alde
Pasa den igandean 130 urte bete ziren Donostiak gertakari larri batzuk bizi izan zituenetik. Gamazada herri altxamenduaren testuinguruan, Espainiako Gobernuaren aurkako mutin handi bat piztu zen hirian, euskal foruen eta askatasunaren alde. Herritarrei 'Gernikako Arbola' abestea debekatu zietelako hasi ziren istiluak, eta Guardia Zibilak gutxienez sei lagun hil zituen. Gogorra izan zen, baina herriak lortu zuen altxamendua 'Gernikako Arbola' abestuz bukatzea. Gertatutakoa oroitzeko eta biktimak omentzeko lanetan dabiltza orain.
Aristokraziarekin, Espainiako errege-erreginen zein bestelako agintarien udako bisitekin eta belle époque-arekin lotu izan da beti 1813ko sarraskiaren ondorengo Donostiako historia, hiri honetan herri xumerik, langile klaserik eta gatazka handirik egon izan ez balitz bezala. Ordea, Donostiako historiak aristokraziarekin eta belle époque-arekin lotura handia badu ere, azken 200 urte luze hauetan herri bizi bat ere egon da hirian, eta horren erakusgarri diren gertakari asko daude.
Pasa den igandean 130 urte bete ziren gertakari horietako bat jazo zenetik. Ez zen edozein gertakari izan: Gamazada herri altxamendua izan zen. Martin Anso kazetari eta Gamazada Donostian Herri Ekimeneko kidearen hitzetan, «foruzaletasunaren eta abertzaletasun modernoaren arteko zubia» izan ziren Gamazadaren testuinguruan sortutako mugimenduak eta protestak.
Tentsio handiko garaia
1893ko abuztuaren 27an piztu ziren protestak Donostian, baina orduko gizarteak bizi zuen testuingurua ulertu behar da aurrenik. Espainiari gelditzen zitzaizkion kolonietan pizten ari ziren mugimenduez eta gatazkez gain, krisi ekonomiko gogorra bizi zuen Espainiako Estatuak, eta nazionalismo katalana zein euskalduna indartzen ari ziren.
Testuinguru horretan, Praxedes Mateo Sagasta buru zuen Espainiako Gobernuaren aurkako protesta ugari piztu ziren estatuko hainbat lekutan, baina Hego Euskal Herrian bereziki indartsuak izan ziren. Izan ere, 1893ko maiatzean, lege bat onartu zuen Sagastaren gobernuak, kontzertu ekonomikoa —foruen azken arrastoa— murrizten zuena. Horrek protesta ugari sortu zituen herritarren artean, eta Gamazada deitzen zaio mugimendu horri, German Gamazo garaiko Ogasun ministroak bultzatu zuelako legea.
Nafarroan, bereziki indartsuak izan ziren Gamazadaren bueltan sortutako protestak, eta aldundia eta udalak ere Gamazoren legearen aurka agertu ziren. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak Madrilera joateko agindu zien diputatu nafarrei, negoziatzeko. 1894. urtearen hasieran joan ziren, eta, bueltan, harrera handia egin zieten herritarrek Castejonen (Nafarroa). Han zeuden Sabino eta Luis Arana, eta esan ohi da han erakutsi zutela estreinakoz jendaurrean ondoren ikurrina izango zena. Testuinguru berean, lehenengo aldiz su eman zioten Espainiako banderari jendaurrean, Gernikan, 1893ko abuztuaren 16an, San Roke egunean; horregatik, Sanrokada deitzen zaio gertakari horri. Handik astebete pasatxora jazo ziren Donostiako gertakariak.
Udako girotik mutinera
1893ko abuztuaren 27ko arratsalde hartan, ohiko legez, Maria Kristina erreginaordea eta Sagasta Donostian zeuden, eta garaiko udako giroa zegoen Donostian: zezenketak bukatu berritan, Udal Musika Banda Bulebarreko kioskoan jotzen ari zen. Herritar talde bat zuzendariarengana joan zen, Jose Maria Iparragirreren Gernikako arbola jo zezatela eskatzera. Izan ere, Ansoren hitzetan, Gamazadaren «soinu banda moduko bat» zen, eta «nazioarteko prentsan ere euskal ereserki nazionaltzat jotzen zuten».
Ordea, bandako zuzendariak esan zuen alkateak agindu ziola errepertoriotik kanpo zegoen abestirik ez jotzeko. Horren aurrean, herritar batzuk Iparragirreren abesti ezaguna kantatzen hasi ziren, eta zalaparta sortu zen, besteak beste, serenoak pertsona batzuk atxilotzen saiatu zirelako. Giro nahasi horretan, herritarrek Londres hotelera joatea erabaki zuten, Sagasta han zegoelako (hotela Askatasunaren hiribideko Gipuzkoako bankuaren eraikinaren tokian zegoen orduan). Foruen eta askatasunaren aldeko eta Sagastaren gobernuaren aurkako oihuak botaz joan ziren hoteleraino, manifestazioan.
Hotelaren aurrean zeudela, harriak bota zituzten leihoen aurka, eta protestak gauera arte luzatu ziren. Halako batean, hotelaren atzealdetik 30 bat guardia zibil sartu ziren, eta herritarren aurka tiro egiten hasi ziren. Iñaki Egaña historialariaren arabera, 30 bat lagun larriki zauritu zituzten —polizia batzuk ere zaurituak izan ziren harrikaden ondorioz— eta 60 bat lagun atxilotu zituzten; asko Ondarretako espetxera eraman zituzten, baita han gogor jipoitu ere.
Tiroketaren zein hurrengo egunetako errepresioaren ondorioz, gutxienez sei herritar hil ziren: Rufino Azpiazu Etxeberria 30 urteko donostiarra, abuztuaren 27tik 28rako gauean hildakoa; Vicente Urzelai Fernandez Parte Zaharrean bizi zen 18 urteko beasaindarra, 27an bertan hildakoa (hotelaren aurrean zauritu zuten, baina bi gaztek erietxera zeramaten bitartean, berriz tiro egin zieten guardia zibilek, eta orduan hil zen); Bernardina Garcia Blanco 45 urteko donostiarra (Madrilen jaio zen, baina Donostian jaso zuen bataioa), 28an zaurien ondorioz hildakoa; Justo Perez Villagarai 29 urteko madrildarra (Beasainen bizi zen), 31n zaurien ondorioz hildakoa; Juan Jose Arza Marchuena 63 urteko altzatarra eta Martin Oses Etxeberria 38 urteko nafarra.
Hiriko hainbat liberal monarkiko ezagunek, tartean Fermin Calbetonek eta Raimundo Sarriegik, manifestarien aurkako idazkia izenpetu zuten hurrengo egunean. Hala ere, egon ziren herritarren aldeko ahotsak ere. Gobernuaren aldeko joera zuen La Voz egunkaria, esaterako, «herriaren alde» jarri zen bere editorialean.
Istilu gehiago eta errepresioa
Hurrengo egunean, abuztuaren 28an, herritar ugari kalera atera ziren Donostian, gauean gertatutakoa salatzeko. Besteak beste, Bulebarrean jotzen ari zen Udal Musika Banda isilarazi eta Gernikako arbola abestu zuten, eta Gobernu Zibilera joan ziren, atxilotuen askatasuna eskatzera. Guardia Zibilak gogor erantzun zuen, eta ordu luzez istiluak izan ziren hirian; hainbat zauritu egon ziren orduan ere. Hilaren 29an, Espainiako Gobernuak indar erakustaldia egin zuen, eta guardia zibilak eta bestelako polizia agenteak kalez kale ibili ziren, kalean gelditzen zen oro jipoituz eta atxilotuz.
Jasanezina zen egoera, eta alkateak batzar batera deitu zituen herritarrak hilaren 30ean. Bilera zaila izan zen, baina erabaki garrantzitsu batzuk hartu zituzten han: gobernadore zibilari eskatzea soldaduak eta guardia zibilak kaleetatik erretiratzeko, bilera horretatik ateratako batzorde batek hiriko ordena publikoa mantentzeko konpromisoa hartzea eta istiluen aurkako manifestazio bat antolatzea, non Gernikako arbola abestuko zen. Arratsalde hartan bertan egin zuten manifestazio jendetsua, eta denek Iparragireren kanta abestu zuten, hiru aldiz. Herritarrek odolarekin ordaindu behar izan zuten euren askatasun grina, baina «Gernikako arbola/da bedeinkatua/euskaldunen artean/guztiz maitatua…» abesteagatik hasi zena hori bera abesten bukatu zen.
Aitortza falta
Gertakari esanguratsua izanik ere, Donostian ez da oso ezaguna. Horregatik, gertatutakoa oroitzeko lanetan aritu dira azken hilabeteotan Gamazada Donostian Herri Ekimeneko kideak, Ansoren hitzetan, «Donostiako historia sarri, sarriegi, oso modu edulkoratuan eta interesatuan kontatu izan delako, eta ez da zaila historia edulkoratu horren zantzuak gaur egungo diskurtso askotan antzemate. Bada, Donostia hainbat interesen jokaleku izan da eta da, eta horrek, nahitaez, gatazka sozial eta politikoak sortu ditu eta sortzen ditu». Horrela, 130. urteurrenaren bueltan, Kantu Bat Askatasunari ekitaldia egin zuten pasa den igandean Bulebarreko kioskoan. Gernikako arbola abestu zuten, noski: «Gaur egun, ez dugu Gernikako arbola adoratzen, baina oraindik bada geure buruaren jabe izateko borondatearen sinboloetako bat. Atzo bezala, gaur; gaur bezala, atzo», nabarmendu zuen herri ekimeneko kideak ekitaldiaren aurkezpenean.
Iparragirreren abestia kantatzeaz gain, plaka bat jarri zuten kioskoan, gertatutakoa oroitzeko eta biktimak omentzeko. Hala ere, ez da antzeko zerbait egiten den lehenengo aldia, 1993an, gertakarien mendeurrenaren bueltan, Herri Batasuna alderdi politikoak (HB) ere Donostiako Gamazada oroitu baitzuen. Hain zuzen ere, Ansok Gamazadaren garaiko prentsako kroniketan oinarritutako esku liburua idatzi zuen orduan, historia guztia eta zenbait bitxikeria jasotzen zituena —erreportaje honetako informazio gehiena hortik atera du hedabide honek—. Halaber, hildakoen izenak zeramatzan plaka bat jarri zuten kioskoan, baina udalak «handik bi egunera-edo kendu egin zuen», orduan HBko kide zen Joseba Alvarezen arabera.
130. urteurrenaren harira, herri memoria berreskuratzeaz gain, ikerketa bat burutzen ari da herri ekimena, Iñaki Egañak gidatuta. Polloe hilerriko artxiboan, elizbarrutikoan, zibilean eta garaiko prentsan ikertzen aritu dira, eta lortu dute baieztatzea gutxienez sei hildako egon zirela Gamazadaren harira Donostian. Garaiko bertsio ofizialak zioen bakarra egon zela, eta orain arte pentsatzen zen hiru egon zirela. Hala ere, Egañak nabarmendu duenez, ikerketak zabalik jarraitzen du, eta baliteke hildako gehiago agertzea.
Bestalde, herri ekimenak udalari eskatu dio 1893ko abuztuaren 27tik 30era hirian gertatutakoari aitortza ofiziala egiteko. EH Bilduk horren inguruko iradokizuna aurkeztu zuen udal batzordeetan iazko abenduan, baina Markel Ormazabal zinegotziak azaldu du oraindik ezin izan dela ezer egin: «Bi hauteskunde izan ditugu tartean, eta normala den moduan, horrek udalaren ohiko jarduna aldatu du. Uztailean, udal gobernutik esan ziguten aurten dagoeneko ez zuela denborarik emango ezer egiteko, baina datorren urtera begira proposamena aztertuko zutela».
Udalak aitortza ofiziala egin bitartean, herriak dagoeneko bere aitortza egin die sei hildako haiei zein zauritu eta atxilotu guztiei, Donostia aristokrazia eta belle époque-ko iruditeria baino askoz gehiago delako, herri bizi eta duin bat izan zuelako eta izaten jarraitzen duelako.