Hainbat txorkotan azaldutako belar txarrak kenduko ditu udalak
Udaleko Parke eta Lorategi Sailak datozen egunetan ekintza plan bat egingo du hiriko hainbat auzotan, 3.200 txorko baino gehiago belar txarrez eta uztondoz garbitzeko. Carlos Garcia Mantentze lanetako zinegotziak adierazi duenez, azken hilabeteetako meteorologiak eragin du belar horien ugaritzea, eta batzuetan galtzadak, bidegorriak eta pasealekuak oztopatzera iritsi dira.
Irailaren 4an hasiko dira lanok egiten, eta lehen fasean Ekialdeko Barrutiko kale, pasealeku eta plaza nagusiak garbituko dituzte. Bigarren fasean hiriko beste zenbait tokitara zabalduko dira lanak, Amarara, Loiolako Erriberara edo Egiara, esaterako. Bi faseen aurrekontua 20.156 eurokoa izango da.