Haurren krosa eta mojito txapelketa egingo dituzte Aieten lehenengoz
Jaien antolatzaileek egitaraua itxita dute dagoeneko, eta bi asteburutan zehar, askotariko jarduerez gozatzeko aukera izango dute Aieten, goizetik hasi eta gauera bitarte.
Aieteko jaiak irailaren 8an hasi eta hilaren 17an amaituko dira. Auzoko kirol eta kultur elkarteak Aieteko euskara batzordearekin elkarlanean antolatzen du jaietako lehen asteburua; bigarrena antolatzeaz, aldiz, Lantxabe bizilagunen elkartea arduratzen da, batez ere.
Lehenengo asteburuari dagokionez, Eneko Mondragon Aieteko euskara batzordeko kideak azaldu digu apirilaren amaieran hasi zirela jaiak antolatzen, eta egitarauaren barruan nabarmendu duen egunetako bat Brindisaren eguna izan da, irailaren 8an egingo dena, alegia. “Gaztetxoek Hiru Damatxon egiten dituzte jolasak eta, ondoren, kalejiran etortzen dira txarangarekin Jolastokiraino. Jai giro hori nahiko polita izaten da, eta gauean bi kontzertu egoten dira”, azaldu du Mondragonek. Kontzertu horietara urtez urte jende gehiago joaten dela gaineratu du, nahiz eta dituzten diru laguntzengatik “talde xumeak” izan.
Hala ere, aurtengo gauza aipagarriena, berritasun gisa, gaztetxoen krosa da. Larunbatean izango da hori. “Aurreko urteetan tailerrak egin izan ditugu haurrentzat, eta inguru horretan bigarren eskuko produktuen merkatu bat jartzen genuen. Ordea, aurten tailerrak eta merkatua kendu ditugu indar guztiak haurren krosean jartzeko”, nabarmendu du.
Mojito lehiaketa ere lehenengoz
Kroseko sari banaketaren ostean, herri bazkaria egingo dute Jolastokin. Janaria norberak eraman beharko du, baina parrilak jarriko dituzte erabilgarri. “Sagardotegiko giroa auzora ekarri nahi dugu, bestela, Aiete soilik lo egiteko auzo bat dela dirudielako”, erantsi du Mondragonek, barrez.
Azken urteetan, bazkari horretara gazte kuadrillak ere joaten hasi direla dio, eta horrek hainbat berritasun ekarri dituela. “Kuadrillen arteko jolasak prestatu dituzte aurten, eta mojito txapelketa bat ere egingo dute. Egia esan, itxura ona du egun horrek”, aitortu du.
Arratsaldean, entzierro txikia egingo dute haurrentzat, Aieteko antzinako ohiturak berreskuratzeko. “Gure gurasoen garaian, benetako bigantxekin egiten zuten entzierroa festetan, baina orain hori ezinezkoa denez, gezurrezko zezenburu batzuk ateratzen ditugu”, zehaztu du.
Ondoren, haurrentzako jolasak egingo dituzte, Aieteko danborrada hasi arte. Egunari amaiera emateko, DJ-ak izango dituzte, Jolastokin.
Eta lehenengo asteburua amaitzeko, irailaren 10ean, Kontxako Bandera ikusi ahal izango da Aieten, pantaila erraldoi batean. Tortilla lehiaketarekin jarraituko dute, eta arratsaldean, antzezlan bat eskainiko dute umeentzat, Munto parkean.
Bigarren asteburua ere indartsu dator
Lantxabe bizilagunen elkarteko Felix Perezek azaldu digunez, irailaren 14an, Easo abesbatzaren kontzertua izango da Munto plazan. “Harrigarria da ikustea, gazteek primeran abesten dutelako”, nabarmendu du.
Horrez gain, irailaren 16ko egitaraua garrantzitsua dela adierazi du, jaietako bi ekitaldi ospetsu batzen direlako: “Alde batetik, Manuel Matxain bolo txapelketa eta toka, eta bestetik, Katxola baserriko erromeria. Une honetan garrantzi berezia du boloenak, izan ere, uste dut Jolastokia estaltzea lortzear gaudela, eta horrek bolo txapelketak federazioak antolatzea ahalbidetuko du”.
Katxola baserriko erromeriari dagokionez, aurten berreskuratuko dute, pandemiaz geroztik ezin izan baitute egin. “Hortik aurrera, Katxola euskal kulturarekin lotutako egitasmoak egiteko gune gisa hartuko dugu”, adierazi du Perezek.
Azkenik, igande goizean diana egingo du udaleko txistulari taldeak, Jose Ignazio Ansorenaren zuzendaritzapean. Jarraian, kantujira egingo dute, eta Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek hartuko dute parte. “Beñat Gaztelumendik Aieteko jai modernoak estreinatu zituen 2002an edo 2003an, eta Alaia Martin ere beti etortzen da Aietera. Auzoko hainbat gunetan eskaini dizkigu bertso saioak eta Aieteko jendeak asko miresten du”, aitortu du. Jaiak Topalekun egingo duten herri bazkari batekin amaituko dira.