Iñaki Kijera omendu dute, bere hilketaren 44. urteurrenean
Gaur, irailak 1, 44 urte bete dira Espainiako Poliziak Iñaki Kijera gazte donostiarra hil zuenetik. Urteroko legez, omenaldia egin diote Antiguan, Miramarreko lorategietan duen oroigarrian, eta hainbat lagun bildu dira, lore eskaintza egiteko. “Memoria ere bada etorkizuna eraikitzeko lanabes”, nabarmendu dute omenaldian.
“Egia, aitortza eta ez errepikatzeko bermea exijitu” dituzte, “herri honetan ez delako bake eta bizikidetza egoerarik emango gatazkaren alde bateko biktimak alboratuak eta gutxietsiak diren bitartean eta herri honi egia osoa ukatzen zaion bitartean”. Halaber, gogorarazi dute errefuxiatu politikoen aldeko mobilizazio baten harira hil zutela Kijera, eta “dozenaka” direla “oraindik herri honetan errepresaliatu politikoak”. “Pairatu dugunaren eta pairatzen dugunaren adierazle dira errepresaliatuak, baina, aldi berean, borrokatzen duen herri baten ikur ere badira”.
“Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen askatasuna lehentasuna” dela nabarmendu dute, baina baita “gatazka honen bahitu politikoak direla, askapen prozesua oztopatu, moteldu eta desagerrarazteko helburuarekin”. Ildo horretatik, aldarrikatu dute “Euskal Herriaren askapen prozesuan sakondu eta aurrerapausoak ematea” dela egin daitekeen “lanketa politiko eraginkorrena”.
Bestalde, Kijera omentzeaz gain, berriki zendutako Antiguako bi bizilagun gogoan izan dituzte: “David Aranburu Tximist eta Iñaki Irazusta”. “Gure artean ez dauden guztiengatik, jarrai dezagun Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskaldunaren eraikuntza lanetan”, gehitu dute.
1979an hil zuten
1979ko abuztuaren 31n, Ipar Euskal Herriko errefuxiatuen babes eskubidearen alde, Gipuzkoako Foru Aldundian itxialdia egin zuten hainbat eragile politikok, eta hurrengo egunean, irailaren 1ean, Amnistiaren Aldeko Batzordeek hegoaldeko lau hiriburuetan manifestazioak antolatu zituzten. Joaquin Argote Gipuzkoako gobernadore zibilak Donostiako manifestazioa debekatu zuen, baina manifestatzaileak, azkenean, Bulebarretik atera ziren, eta horregatik, Espainiako Poliziak parte hartzaileak bortizki jo zituen.
Kijerak manifestazio horretan parte hartu zuen lagun batzuekin, eta liskarrak hasi zirenean Parte Zaharreko kaleetan murgildu zen. Polizia Parte Zaharretik sartu zenean, neska batekin batera, Alderdi Ederrera abiatu zen, eta bertan, polizia batek, 10 metrotik, tiro egin zion fusil batekin. Hamabost minutu inguru igaro zituen Kijerak lurrean botata, eta poliziak harengana hurbiltzen saiatzen zen pertsona orori kolpeka eta pilotakadakaz eragotzi zien gerturatzea, baita Gurutze Gorriari ere. Azkenean, lagunek Kijera auto batean sartu eta anbulantzia bateraino eramatea lortu zuten, baina ospitalera iritsi ondoren hil zen.