Iñaki Kijera oroituko dute, hil zutenetik 44 urte bete direnean
Gaur, irailak 1, 44 urte bete dira Espainiako Poliziak Iñaki Kijera gazte donostiarra hil zuenetik. Urteroko legez, omenaldia egingo diote Antiguan, Miramarreko lorategietan duen oroigarrian; 19:00etan izango da, eta lore eskaintza egingo dute.
1979ko abuztuaren 31n, Ipar Euskal Herriko errefuxiatuen babes eskubidearen alde, Gipuzkoako Foru Aldundian itxialdia egin zuten hainbat eragile politikok, eta hurrengo egunean, irailaren 1ean, Amnistiaren Aldeko Batzordeek hegoaldeko lau hiriburuetan manifestazioak antolatu zituzten. Joaquin Argote Gipuzkoako gobernadore zibilak Donostiako manifestazioa debekatu zuen, baina manifestatzaileak, azkenean, Bulebarretik atera ziren, eta horregatik, Espainiako Poliziak parte hartzaileak bortizki jo zituen.
Kijerak manifestazio horretan parte hartu zuen lagun batzuekin, eta liskarrak hasi zirenean Parte Zaharreko kaleetan murgildu zen. Polizia Parte Zaharretik sartu zenean, neska batekin batera, Alderdi Ederrera abiatu zen, eta bertan, polizia batek, 10 metrotik, tiro egin zion fusil batekin. Hamabost minutu inguru igaro zituen Kijerak lurrean botata, eta poliziak harengana hurbiltzen saiatzen zen pertsona orori kolpeka eta pilotakadakaz eragotzi zien gerturatzea, baita Gurutze Gorriari ere. Azkenean, lagunek Kijera auto batean sartu eta anbulantzia bateraino eramatea lortu zuten, baina ospitalera iritsi ondoren hil zen.