Kontxako lehenengo kalearen madarikazioa
Kontxako Bandera arraunarentzat oso berezia da hainbat arrazoirengatik. Baldintza meteorologikoak oso aldakorrak dira, eta betidanik, eztabaida handia egon da Aquarium ondoko lehenengo kalearekin. Batzuentzat kale onena da, eta beste batzuentzat, ordea, txarrena.
Kontxako Bandera arraun denboraldiko bandera preziatuena da klubentzat. Arraunlariek prestaketa lan handia egiten dute estropada eremu horri begira, eta hurrengo bi igandeetan zortzi traineru onenak ikusteko aukera izango da Kontxako badian.
Kontxak estropada eremu berezia duela jakina da, baina gutxiagok dakite urte askotan zehar lehenengo kaletik ateratzen zenak emaitza apalenak lortzen zituela. Kontxako badiako korronteak eta haizeak oso nabarmenak izaten dira arraunlarientzat, baita oso aldakorrak ere. Horregatik, estropada eremuko kaleek garrantzi handia dute, eta lehenengo igandeko estropadaren aurretik egiten duten txanden eta kaleen zozketan klubeko presidenteak oso urduri izaten dira.
1983ko sailkatze estropada gogorra
1983ko sailkatze estropada, baldintza meteorologikoei dagokionez, ahaztezina izan zen. Oso garrantzitsua izan zen, eta ordutik ez da inoiz ikusi bertan gertatutakoa. Ostiral arratsaldean, arraunlariak hurrengo bi igandeetan banderaren lehian aritzeko txartelaren bila itsasoratu ziren. Irailaren 2ko 18:15ean hasi zen estropada, eta denbora gutxian, sekulako enbatak jo zuen; hemeretzi klubetako arraunlariek ezin izan zuten kaira itzuli.
Sailkatze estropada hura polemika handikoa izan zen. Epaileek denborak kronometratzeko eta arraunlariak identifikatzerako arazoak izan zituzten: arraunlari guztiak txuriz jantzita baitzeuden. Orio bederatzigarrena izan arren, epaileek zazpigarren denbora onena eman zioten, sailkatuak zeuden Hernaniren eta Fortunaren aurretik. Horren aurrean, sailkatutako zortzi traineruek hurrengo igandean boikota egin zuten, eta ez ziren arraunean aritu. Estropada hura kontuan hartuta, hurrengo urteetan estropada eremuari buruzko azterketak egiten hasi ziren.
Kaleak eta boladak
Oraindik ere, ez dago zehaztuta kale onena zein den, urtetik urtera asko aldatzen baita itsasoaren eta eguraldiaren egoera. Kontxako estropada eremua bereziki luzea denez, itsasoaren egoera aldakorragoa da, gainontzeko estropada eremuetan baino. Hiru miliako ibilbidean zehar, hainbat egoerari aurre egin behar diete arraunlariek. Beste urteetako estropadak aztertu ondoren, joerak adierazten du goiza aurrera joan ahala, baldintza meteorologikoak gogortu egiten direla gehienetan.
Hori dela eta, klubek nahiago dute lehenengo txandan jokatu, bigarrenean baino. Horrek eragin zuzena du estropada eremua zeharkatzeko arraunlariek behar duten denboran. 1969 urtetik 2003ra bitartean, lehenengo jardunaldiko lehen txandako parte hartzaileek bigarren txandakoek baino hamabi segundo gutxiago behar zituzten. Txandak alde batera utzita, estropada eremuko kaleek ere garrantzi handia izan dute.
1969tik 1991ra, lehenengo kaletik ateratzen zirenek hamabost garaipen baino ez zituzten lortu. Urte haietan, laugarren kalea onena zela zirudien, eta 29 aldiz denbora onena lortu zuten bertatik arraunean aritu ziren traineruek. Lehenengo kalearekin alderatuz, ia bikoitza. Erdikoei dagokienez, ez dago horrenbesteko alderik, eta urte hauetako datuei erreparatuz, garaipen kopuru parekatua dute bigarrenak eta hirugarrenak.
Orientazio aldaketa mesedegarriak
1992an estropada eremuan aldaketak egin zituzten, eta aldaketa horiek eragin zuzena izan zuten lehenengo kalean. Traineruen orientazioa mendebalderantz aldatu zuten, lehenengo kalea Aquariumetik urruntzeko. Geroztik, aurreko urteetako datuak erabat aldatu ziren, eta lehenengo kalea txarrena izatetik onena izatera pasatu zen. 1992tik 2003ra bitarteko denborak kontuan hartuta, tarte horretan hamabost garaipen lortu zituzten kale horretatik aritu ziren traineruek.
Lehenengo kalea garaipen kopuruen aldetik onena bazen, bigarrena txarrena izan zen alde handiarekin. Hamabi urte horietan, soilik zazpi traineruk lortu zuten denbora onena egitea bigarrenetik. Gainera, aipatu behar da lehenengo eta bigarren kaleen artean hamabi segundoko tartea zegoela. Denbora tarte handia da arraunean, horregatik zazpi garaipen horiek lortu zituzten traineruek egindako lana nabarmendu behar da.
Gaur egun kaleen arteko denbora tartea murriztu da, eta horregatik ezinezkoa da esatea gaur egungo kale kaskarrena zein den. Ikusteko dago igandean denbora gutxien egiten duten traineruak zein kaletatik irteten diren.