Suhiltzaileak, erretzeko arriskuan
Donostiako Udaleko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu zerbitzua (PSIS) osatzen duen langileen kolektiboak «nahikoa dela» esatea erabaki du. IRUTXULOKO HITZA haietako laurekin bildu da egoera zertan den jakiteko.
Gorka Goiatxe teknikariak, Karmelo Alonso ofizialordeak, Aitor Unanue ofizialak eta Aritz Araneta suhiltzaileak kezkaz bizi dute PSISen gaur egungo egoera. Goiatxek salatu duenez, urteetan zehar ez zaie euren aldarrikapenei erantzunik eman, eta orain ahotsa altxatzea erabaki dute, egoera «oso larria» baita.
Gatazkaren hasiera 2011. urtean kokatu dute suhiltzaileek, hain justu, suhiltzaile etxe berria inauguratzen denean. Goiatxe: «Hor udalak apustu bat egiten du, eta Easo kaletik hona [Otxoki ibilbidea, 100] etortzeko inbertsio handi bat egiten da, baina hortik aurrera ez da nahikoa aurrekontu jartzen honek behar duen progresiorako». Gainera, martxoan inspektore buruak erretiroa hartu zuen, eta uztailean zuzendaria lekualdatu zuten, eta haien ordez udalak ez du inor izendatu. Hortaz, orduz geroztik bururik gabe daude. «Ahal duguna egiten ari gara zerbitzua aurrera ateratzeko, baina egoera sostengaezina da», dio Alonsok.
Ofizialordea ere bat dator esaten arazoa «atzetik» datorrela. Laneko aspektu guztietan nabaritzen dute inbertsio falta: langileetan, azpiegituretan, sistema informatikoan, ibilgailuen flotan, eta abar: «Lehen zegoen zuzendariak [uztailean lekualdatu zutena ez, baizik eta aurrekoa, Imanol Andonegi] beti egiten zion eskaera udalari kamioiak eskatzeko edo etorkizuneko plan bat edukitzeko, baina azkenean lanpostua utzi zuen kasurik egiten ez ziotelako». Izan ere, ibilgailuena esanguratsua da: kamioi batzuk hogei urte baino gehiago dituzte —horietako batzuk bigarren eskukoak dira, Madrilgo eta Bizkaiko suhiltzaileak erretiratzera zihoazenak, besteak beste—, beste batek ez du segurtasun uhalik atzeko eserlekuetan [gaur egun beharrezkoa da edukitzea], eta arrisku kimikoko kasuetarako ibilgailu bakarra dute.
Planifikazio ezaren ondorioak
Aranetaren esanetan, «arazo guztien oinarria plangintza eta inbertsio eza» dira. Hiriko beste edozein esparrutan bezala, suhiltzaileek ere igarri dute hiria eraldatzen ari dela, eta horrek euren jarduna ere moldatu beharra ekarri duela dio Unanuek: «Ezin da duela 10 urte bezala funtzionatu». Goiatxek ere «gero eta eskumen eta betebehar gehiago» dituztela aipatu du, baina horretarako baliabiderik ez dutela salatu du: «Zuk hiria turistaz betetzen baduzu, horri ere erantzun egin behar zaio». Ildo horretatik, itsas erreskateak asko handitu direla adierazi du Alonsok, baina PSISek ez dauka ontzirik —uretako motorrak bakarrik ditu—. Hirian antolatzen diren ekitaldi jendetsuenen —Jazzaldia, Zinemaldia, Frantziako Tourra, Aste Nagusia, eta abar— ardura ere bertatik koordinatzen da, Babes Zibiletik, hain zuzen, eta Goiatxek dio zerbitzua «ez dagoela prestatua» horri guztiari aurre egiteko.
Etorkizunari begira, eraikitzen ari diren azpiegitura berrietan zerbait gertatuz gero ere hankamotz sentitzen dira. Metroa aipatu du Alonsok: «Guk ez daukagu formakuntzarik tuneletan ibiltzeko, ezta materialik ere. Material berezia behar da horretarako. Eta hori irekitzen badute eta zerbait gertatzen bada? Ez dute horren kezkarik». Goiatxek Donostiak «eremu industrial gero eta handiagoa» duela adierazi du, eta Eskusaitzetako industrialdea jarri du adibide moduan: «Zubietan irekiko den kartzela gure konpetentzia izango da, baina badago koordinaziorik? Kartzelan sute bat gertatuz gero, zer egingo dugu?».
Zerbitzu publikoen gainbehera
Unanuek dio ez dutela ezer pertsonalik eskatzen, suhiltzaile zerbitzuarentzat baliabide gehiago baizik, «hiritarren onerako eta suhiltzaileen segurtasunerako». Zentzu horretan, udaletik urtero jaso beharko luketen, baina jasotzen ez duten diru sail bat aipatu dute suhiltzaileek: Unespa aseguru etxeen elkarteak ematen duena, hain zuzen —urtean milioi bat euro, gutxi gorabehera—. Diru hori suhiltzaileei iritsi beharko litzaieke zuzenean, materiala erosteko eta formakuntzak egiteko —hala ebatzi zuen 2020an Auzitegi Gorenak—, baina Alonsoren arabera «udalak diru hori hartu eta beste arlo batean sartzen du»: «Guk inbertsioan aurten 0 euro jasoko ditugu». Hori, «legez kanpokoa» izateaz gain , «onartezina» dela dio Alonsok. Goiatxek ere ildo beretik jo du, eta azken urteetan Unespatik jaso beharko luketen dirua alkateari erreklamatzen hasten direnean alkatea «izutu» egiten dela dio: «Hasten da pentsatzen ea hurrengo urteko aurrekontuetan zenbat milioi kendu beharko dituen berak politikoki dituen lehentasun horietatik».
Udalarekin izan duten bileran, Goiatxek dio alkateari eta Martin Ibabe Segurtasun zinegotziari eman zaiela egoeraren larritasunaren berri, eta adierazi zaiela «egun batetik bestera ezbehar larri bat» edukiko dutela, eta eurei etorriko zaiela «zerbitzuaren egoeraren inguruko ardura». Hartu-eman horretatik, ordea, bi ideiarekin geratzen da Araneta: «Batetik, ezezagutza: ez dakite gure zerbitzuaren funtzionamendua eta beharrak zeintzuk diren; bestetik, oraingoz gauzak aldatzeko borondate politikoa hutsaren hurrengoa da».
Osasungintzak bizi duen gainbeherarekin konparatu du egoera Alonsok: «Zerbitzu bat eman nahi dugu, baina materialik gabe geratzen ari gara, edo zaharkitua dago baina ezin dugu erretiratu».
Astearte honetan, Tokiko Gobernu Batzordeak kreditu transferentzia bat onartu du, suhiltzaileek dituzten beharrei erantzuteko. Eneko Goia alkateak eta Gorka Goiatxe teknikariak baieztatu dutenez, diru hori aurrekontuen bigarren kapituluan gehitu dute, gastu arrunten atalean, alegia. Goiatxeren arabera, diru hori «zintzilik dauden fakturak ordaintzeko soilik» izango da, dagoeneko erabili baitute aurrekontuetan aurreikusita zeukaten diru sail osoa: «Urtea bukatu baino lehen beste hainbat handiagotze egin beharko dituzte».