«Bostetako edozeinek irabaz dezake»

Donostiarra bizirik iritsiko da Kontxako Banderaren bigarren jardunaldira. Urdaibaik egin du gaurko denborarik onena, baina Torrekua lau segundo atzetik bakarrik helmugaratu da, hirugarren postuan. Tartean Hondarribia sartu da, eta pixka bat atzerago geratu dira Orio eta Zierbena.
Xabat Pastorrek nabarmendu duenez, kanpora joateko “oso exijente” zegoen, eta horrek lehen bi kaleei abantailatxoa eman dielakoan dago. Dena den, itzulerako luzean sentsazio hobeak izan dituzte, eta “gustora” geratu da egindako lanarekin. Bost traineru daude zazpi segundoko tartean, eta uste du denek dituztela bandera etxera eramateko aukerak: “Bostetako edozeinek irabaz dezake”.