'Beruna urre' kalean da, Beleren bigarren abestia
Lide Hernandoren bakarkako proiektua da Bele. Lide Hernando musikari donostiarrak Bele bere bakarkako proiektua sortu zuen ekainean, eta Zerua irabazi abestia argitaratu zuen orduan. Orain, bigarren abestia argitaratu du, Beruna urre, bideoklip eta guzti. Holy Fire Studiok zuzendu du bideoklipa, eta IN estudioan ekoiztu dute kanta.
Denbora zeraman Hernandok proiektua lantzen. IRUTXULOKO HITZA-n bakarlari gisa bere burua ikusten ote zuen galdetuta, honela erantzun zuen 2021eko azaroan: “Ikusten dut, eta aurrerapen bat: ari naiz. Oso-oso hasieran nago. Faltan botatzen dut intimitate hori, lasai sortzearena, presarik gabe, nire kontuak, ez lauren artean erabaki beharrekoak… Ez da izango Liher hastapenetan bezala. Lianne La Havas, Janelle Monae eta R&B modernoa ditut erreferente. Baina ez galdetu noizko, lasai-lasai egin nahi dut eta”.
Liher taldea sortu zuen Hernandok 2005ean kaleratu zuen Arrazoi gutxi, denbora asko EParekin. Handik gutxira, Joshka Natkerekin eta Iñigo Etxarrirekin batera taldea osatu, eta formatua aldatuta, rockaren, stonerraren eta soularen artean, Liherrek soinu propioa garatu zuen, norabide ezberdin batean. Nolabaiteko “sustraietara itzultzea” izango da beraz bakarkako bide hau Hernandorentzat. Eta oharra utzi du jarraitzaileentzat: lasai, Liherrek bere bidea jarraituko duela, orain arte moduan.


