Dbusen autobus elektriko batek egingo du Illunbeko aparkalekuaren eta Erdialdearen arteko anezka zerbitzua
(Argazkia: Dbus) Dbusek Donostiako Illunbeko aparkalekuaren eta Erdialdearen artean eskaintzen duen anezka zerbitzua hamabi metroko autobus %100 elektriko batekin egingo da datozen egunetan. MAN Lions City 12e modelokoa da, eta Dbusek azaldu duenez, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikoaren ezohiko deialdiaren barruan erosi da, Next Generation Europako funtsek finantzatuta.
MAN truck & bus Iberia, SAU enpresari egindako erosketaren barruan zerbitzuan jartzen den lehen autobusa da, enpresa horrek irabazi baitzuen lizitazioa, eta, erosketa horrekin, Donostiako autobus lineetan hamabi metroko beste hamahiru autobus %100 elektriko eta hemezortzi metroko sei autobus %100 elektriko sartzea ahalbidetuko da. Autobus berri honen eta bere karga-estazioaren prezioa 560.500 euro + BEZa da, eta bost urteko bermea du. Halaber, baterien bermea hamabi urtekoa da, eta horrekin ibilgailuen bizitza erabilgarria estaltzen da. Europako funtsetatik jasotako diru laguntza 550.000 eurokoa da, Dbusen arabera.
Illunbeko doako aparkalekuaren eta Erdialdearen arteko anezka zerbitzua Dbusek eta Donostiako Udalak sustatzen dute, Mugikortasun Departamentuaren bidez, garraio publikoa bultzatzeko eta, horrela, hiriaren erdialdean kotxe partikular gutxiago ibiltzeko. Anezka zerbitzuak hogei minutuko maiztasuna du, 11:00etatik 22:30era, asteko egun guztietan, eta bi geltoki ditu. Azken urteetan, zerbitzua urteko bi garaitan eskaini da, Gabonetan eta udan.
Irailaren 10ean anezka zerbitzua amaitu ondoren, autobusak zerbitzua eskaintzen jarraituko du Dbusen gainerako lineetan, etorkizunean anezka zerbitzua berriro aktibatu arte.
