Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina zabalik dago euskaltegietan eta zentro homologatuetan
#euskaldunizate kanpainaren aurkezpena egin dute goizean. (Argazkia: Donostiako Udala) 2023-2024 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute irailetik aurrera Donostiako euskaltegietan eta zentro homologatuetan. Hori gogoratzeko, #euskaldunizate leloa duen kanpaina jarri du martxan Donostiako Udalak.
Gaur aurkeztu dute kanpaina Jon Insausti Euskarako zinegotzi ordezkariak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek. Azaldu dutenez, ikastaro eskaintza zabala dute euskaltegi eta zentro homologatuek. Alde batetik, ikasturte osoan zehar ematen diren euskara ikastaro arruntak eskaintzen dituzte edozein herritarren beharretara egokitzen diren ordutegiekin: astean maiztasun eta ordu gutxiko ikastaroetatik hasi eta eguneko hiru eta bost orduko ikastaro intentsiboetaraino.
Horrekin batera, autoikaskuntzako ikastaroak ematen jarraituko dute euskaltegiek. Online ikastaroak emateko programak dira, eta, kasu horietan, ikasle bakoitzak bere kasa antolatzen du egin beharreko lana, bakarka eta egokien datorkion ordutegian.
Xede berezia duten taldeentzako ikastaroak
Ikastaro horiez gain, xede berezia duten taldeentzako egokitutako ikastaroak ere badaude. Talde desberdinen behar komunikatiboetara egokitutako ikastaroak dira hauek:
• Merkatari eta ostalarientzako euskara ikastaroak: hiriko merkatarien eta ostalarien elkarte eta federazioekin batera, aipatutako gremioetako profesionalentzat antolatzen diren ikastaro espezifikoak. Izena emateko epea: irailaren 29ra arte. Ikastaroak urrian hasiko dira.
• Langabeentzako euskara ikastaroak: langabezian dauden donostiarrei zuzendutako doako ikastaroak. Izena emateko epea: irailaren 1etik 22ra. Ikastaroa urriaren 6tik abenduaren 5era izango da, egunero hiru orduz.
• 16-18 urteko gazteei zuzendutako ikastaroak: batez ere uda partean, baina urte osoan zehar ere eskaintzen diren ikastaroak, hezkuntza sistemaren ikasketa prozesuan euskara gaitasuna hobetu behar dutenentzako.
• Gurasoentzako euskara ikastaroak: ikastaro hauen helburua da, 2-12 urte bitarteko haurrak dituzten guraso erdaldunak euskarara hurbiltzea, eta guraso euskaldunei hizkuntza gaitasuna hobetzeko aukera ematea. Izena ikastetxeetan ematen da eta ikastaroak ikastetxean edo euskaltegian izan daitezke.
• Erretiratuentzako euskara ikastaroak: euskaltegian edo erretiratuen egoitzetan eskaintzen diren ikastaroak.
• Etorkinentzako euskara ikastaroak, AISA ikastaroak: euskara ikasteko oinarri-oinarrizko ikastaroak dira, euskararekin lehenengo harremana edukitzeko, ikasleari komunikaziorako oinarrizko baliabideak (agurrak, zenbakiak eta abar) eskaintzeko eta gure gizartea eta kultura hobeto ezagutzeko.
Diru laguntzak eskatzeko epea
2023-2024 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek Donostiako edozein euskaltegitan izena emateko aukera izango dute. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaro horietarako diru laguntza eskatzeko epea urriaren 1ean zabalduko du eta ikasleek, ikasturtean zehar, ikastaroa hasten duten egunetik hilabeteko epea izango dute diru laguntza eskatu ahal izateko.
Diru laguntza eskaera online egiteko aukera izango dute herritarrek www.donostia.eus eta www.donostiaeuskaraz.eus web orrietan. Eta, era berean, Euskara Zerbitzuaren bulegoan edo Udalinforen bulegoetan ere eskatu ahal izango da.
Aurrekontua
Aurrekontuari dagokionez, 2023-2024 ikasturteko ikastaro arruntetarako 291.249 euro bideratuko dira euskara ikasteko diru laguntzetarako (270.860 neguko ikastaroak diruz laguntzeko, eta 20.389 euro udako ikastaroetan aritu diren herritarrak laguntzeko). 2023-2024 ikasturterako diru laguntza eskatzeko epea urriaren 1ean hasiko da.
Horrez gain, 41.800 euro bideratuko dira langabetuen ikastaroak antolatzeko. Ikastaro hauek 120 ordukoak dira eta %100 laguntzen dira diruz.
Azkenik, 68.400 euro bideratzen ditu udalak xede bereziko ikastaroak diruz laguntzeko. Ikastaro hauek 60 ordukoak dira eta ikasleak 60 euro ordaintzen ditu, 16-18 urte artekoen kasuan izan ezik, ikasle horientzat doan izaten baita.


