Inaugurazioko eta Donostia sariko galetarako sarrerak agortu dira
Iaz Loreto Mauleon eta Paco Leon aktoreek aurkeztu zuten inaugurazio gala. (Argazkia: Zinemaldia) 71. Zinemaldiak gaur (hilak 4) jarri ditu salgai inaugurazio galarako, amaiera galarako eta Victor Erizek Donostia saria jasoko duen galarako sarrerak, eta ordu gutxiren buruan bukatu dira —amaiera galarako sarrera gutxi batzuk geratzen dira, 80 euroan—.
Hiru gala horiek Mireia Gabilondo aktore, zuzendari eta gidoigileak zuzenduko ditu, eta gidoilari lanetan Bob Pop idazle eta kritikaria arituko da. Aurkezleei dagokienez, Eva Hache eta Gorka Otxoa aktoreek aurkeztuko dute inaugurazio gala, eta Hachek berak eta Loreto Mauleon aktoreak, berriz, amaierakoa.
Aurtengo edizioari hasiera emango dion gala irailaren 22an izango da, 20:30ean, Kursaalen, eta bertaratutakoek Hayao Miyazakiren Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy And The Heron filma ikusteko aukera izango dute. Victor Erizek irailaren 29an jasoko du Donostia Saria, 22:00etatik aurrera Victoria Eugenia Antzokian egingo den galan. Amaierako gala, berriz, Kursaalen izango da, irailaren 30ean, 21:00etan hasita, eta ondoren James Marshen Dance First pelikula proiektatuko dute.
