Julieta Venegas, Belako eta Anari ariko dira Boga Boga jaialdian, besteak beste
Boga Boga jaialdiaren aurkezpena Dabadaban egin dute. (Argazkia: Azahara Dominguez Urtizberea) Ostiralean hasiko da Boga Boga Festibala, eta aurkezpena egin dute astelehen goizean Dabadaban. 30 bat kontzertu ikusi ahalko dira ostiraletik igandera hiriko hainbat espaziotan, eta Julieta Venegas, Belako, Joe Crepusculo, Anari eta La Femme izango dira kartelburuak. Aperitibo gisa, asteazkenean Marcelo Criminalek eta Cabiriak joko dute Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan, eta Marina Herlopek eta Nuria Grahamek ostegunean.
Bestalde, Txillida Lekun, Verde Pratok, Julieta Venegasek eta Anarik joko dute larunbatean. Dabadaban, Alvva eta Invt ariko dira ostiralean, eta Piel Mixta, LaMia Mari eta Tayhana larunbatean. Dokak hiru emanaldi hartuko ditu ostiralean: Nahia Novo, Yakintza eta Malakias DJ Set. Miramar jauregian ere soilik ostiralean egongo dira emanaldiak, eta artista hauek ikusi ahalko dira: Pongo, Belako, Panda Bear & Sonic Boom eta La Femme.
Azkenik, Ondarreta hondartzak hartuko ditu emanaldi gehien. Dharmacide, Irenegarry eta Simona ostiralean ariko dira; Bariri, Vatocholo, Lukiek, Joe Crepusculo eta Amantes Del Futuro larunbatean eta Brava, Hofe x 4:40, J Martina eta Margarita Quebrada igandean. Ondarretako eta Dokako emanaldiak doakoak izango dira, baina besteetara joateko sarrera erosi beharko da.
