«Kalitatezko zerbitzua» eskaintzeko baliabideak eskatu dizkiote udalari Donostiako suhiltzaileek
Donostiako suhiltzaileak kalera atera ziren atzo jendeari beraien egoeraren berri emateko. (Argazkia: Donostiako suhiltzaileak/Twitter)Donostiako suhiltz Donostiako suhiltzaileak kalera atera ziren atzo Donostiako Udalari kalitatezko zerbitzua emateko behar dituzten baliabideak eskatzeko. Azken asteotan mobilizazioak egiten ari dira Donostiako suhiltzaileak, salatu dutenez, ez dutelako nahikoa aurrekontu beraien beharrak asetzeko: giza baliabideak, materialak, ibilgailuak eta azpiegitura. “Gure funtzionamendua 1980eko hamarkadakoaren antzekoa da, eta zerbitzua ez da garatu teknologiak eta gizarteak egin duen moduan”, adierazi dute suhiltzaileek.
Hori dela eta, udal gobernuari giza baliabide gehiago eskatu dizkiete babesten duten eremuari “erantzun egokia” emateko eta langileen segurtasuna babesteko. Horrez gain, ibilgailu flota eguneratzeko eta ibilgailu zaharrak baztertzeko eskatu dute (autoponpen erdiek hogei urte baino gehiago dituztelako) eta azkenik, instalakuntzen mantenua eta eguneratzea egitearen beharra adierazi dute.
Horregatik guztiagatik, Eneko Goia alkateari eta Martin Ibabe zinegotziari eskatu diete agintaldi honetarako Plan bat diseinatu dezatela, suhiltzaileek pairatzen dituzten “arazo guztiak konpondu” eta behar guztiei erantzuna emateko. Gaineratu dutenez, bizi duten egoeran jarraitzeak “gainbehera” ekarriko du: “Istripu bat pairatuko dugun eguna iritsiko da, edo emergentzia batera berandu iritsiko garena, eta horren erantzule zuzenak zinegotzia eta alkatea dira”.
