Zortzi Nobel saridunek hitzaldiak eskainiko dituzte Passion for Knowledge zientzia jaialdian
Donostia International Physics Center zentroak Passion for Knowledge jaialdia antolatu du urriaren 2tik 7ra. (Argazkia: Hezkuntza saila) Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak antolatuta, aurtengo Passion for Knowledge zientzia jaialdiak zortzi Nobel saridun eta nazioarteko zientzialari entzutetsu ugari bildu ditu, guztiak ere azken hamarkadetako aurkikuntza garrantzitsuenetako batzuen protagonista. Urriaren 2tik 7ra izango da, eta Donostiaz gain, Bilbon eta beste herri batzuetan ere egingo da jaialdia.
Passion for Knowledge jaialdiaren helburua zientzia funtsezko kultura jarduera gisa sustatzea da, hurrengo belaunaldien ongizateari laguntzeko eta ezagutza nabarmentzeko zientzia, teknologia eta kultura aurrerapenaren eragile gisa. “Era askotako ikus-entzuleentzako jarduera sorta batekin osatu da programa: Bigarren Hezkuntzako ikasleekiko topaketa jendetsuak, ikertzaile gazteentzako dibulgazio saioak, erakusketak, haurrentzako tailerrak, ikuskizunak, bertso saioa, Naukasen kolaboratzaileen eta streameren dibulgazioa, proiekzioak, etab”, azaldu dute antolatzaileek Viktoria Eugenia antzokian egin duten aurkezpenean.
Jaialdiaren egoitza nagusian —Victoria Eugenia antzokian— arratsaldez egiten diren hitzaldi nagusiak dira jaialdiaren egitarau zabalaren jarduera bereizgarria. Zenbait Nobel saridunen eta zientzia diziplina askotariko nazioarteko izen handien eskutik, ikus-entzuleek fisika kuantikoaren, kimikaren, biomaterial adimendunen, botanikaren edo bioteknologiaren berri izango dute. Aurtengo gonbidatuen artean, besteak beste, honakoak izango dira: Özlem Türeci, zeina giltzarri izan baita COVID-19aren aurkako txertoaren lasterketan; Didier Queloz (2019ko Fisikako Nobel sariduna), lehen exoplanetaren aurkitzailea; Jean-Pierre Sauvage (2016ko Kimikako Nobel sariduna), makina molekularren diseinatzailea; Donna Strickland, zeinak Fisikako Nobel saria jaso baitzuen 2018an laserren eremuan egindako ikerketa aitzindariari esker; Dario Gil, IBMko presidenteordea eta IBM Researcheko zuzendaria, non konputazio kuantikoko munduko laborategirik handiena garatzen baitihardute; eta Jocelyn Bell Burnell, pulsarren aurkitzailea.
Victoria Eugenia antzokian, gainera, Bertso Passion ikuskizunaz ere gozatu ahal izango da. Bertsolaritzaren izen nabarmenetako batzuk entzuteko aukera izango da, hala nola Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña. Aurten, gainera, formatu berri bat estreinatuko du jaialdiak: Streamer saioak; estatuko eduki zientifikoko streamerrik onenak oholtzara igoko dira, eta hainbat gai zientifiko eta teknologikoren azken aurrerapenak partekatuko dituzte.
Halaber, jaialdiaren aurtengo edizioan Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen eta punta-puntako ikertzaileen arteko Topaketa jendetsuak egongo dira; aurten, bost Nobel saridunek parte hartuko dute topaketotan.
Asteburuan, bestalde, Passion Txiki egingo da Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Txikientzako zientzia jaialdi txiki bat da, esperimentu tailerrak, ipuin kontalari zientifikoak, jokoak eta beste zenbait jarduera eskainiko dituena etxeko txikientzat.
Halaber, STROM – Astronomia inklusiboa izeneko astronomia erakusketa berritzaile bat inauguratuko da jaialdiarekin batera. Erakusketa horrek ateak zabalduko dizkio inklusioari, eta, hala, ukimenean, entzumenean eta ikus-entzunezkoetan oinarritutako esperientziak eskainiko ditu: esate baterako, aukera emango du planeten gainazala eta ilargiaren kraterrak hatzez ukitzeko edo eguzkiak egiten dituen soinuak entzuteko. DIPCk berariaz Passion for Knowledge jaialdirako, eta Tabakalerarekin elkarlanean, antolatu du erakusketa, eta urriaren 4tik 31ra bitartean bisitatu ahal izango da Tabakalerako 3. solairuan.


