Antso Jakitunaren etorbidea berrurbanizatzeko lizitazioa atera du udalak
Aurreko astean aipatu moduan, udalak Antso Jakitunaren etorbideko atari bikoitia berrurbanizatzeko lanen lizitazioa atera du. Hala onartu dute astearte honetan egindako Tokiko Gobernu Batzordean. Proiektuak 1.356.415 euroko aurrekontua izango du —horren zati bat Next Generation EU funtsetatik hartuko da—, eta sei hilabeteko egikaritze epea.
Zoladura, hiri altzariak eta zerbitzuen azpiegiturak eta sareak berrituko dira: hornidura, saneamendua, argiteria eta telekomunikazioak. Era berean, proiektuak egun dauden bi zuhaitz ilarak mantentzea aurreikusten du.