BCCren egoitza berriari buruzko eztabaida egingo dute
Uliako auzo elkarteak Basque Culinary Centerrek (BCC) Manteoko lursailean eraiki nahi duen egoitza berriari buruzko eztabaida antolatu du. Auzo elkarteak azaldu duenez, joan den astean BCCtik gonbidapena jaso zuten euren egoitzara hurbiltzeko eta Manteo inguruan egin nahi duten proiektua azaltzeko.
“Gaiaren interesa eta seriotasuna ikusita”, auzo elkarteak eztabaida irekia antolatzea erabaki du, “auzotarrek gai honen inguruan informazioa jasotzeko”, eta bertara joateko gonbita luzatu die BCCko arduradunei. Era berean, udalean ordezkaritza duen alderdi politiko bakoitzari ere eserleku bat gordeko zaio, eztabaidan parte hartzeko interesa izango balute. Eztabaida irailaren 13an izango da, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean.