Bera Berak denboraldi honetarako taldea aurkeztu du
Bera Bera eskubaloi taldeak 2023-2024ko denboraldirako prestatu duen taldea aurkeztu zuen astelehenean Miramar jauregian. Han egon ziren hamasei jokalariak, talde teknikoa, denboraldiaurrea egin duten hiru gazteak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, Goizane Alvarez Kultura eta Kiroletako foru diputatua, babesleak eta klubeko arduradunak, Fernando Diez Mintegi presidentea, Tati Garmendia eskubaloi arduraduna, Iñaki Jauregi lehendakariordea eta Igor Etxeberria kudeatzailea.
Alba Menendez eta Esther Arrojeria kapitainek eta Imanol Alvarez entrenatzaileak nabarmendu zuten aurtengo helburuak direla superkopa eta kopa irabaztea, liga irabazteko borrokatzea eta Europa Ligako multzoen fasera iristea gutxienez.
Goiak adierazi zuen klubaren palmaresa errepasatu zuela: “Erakusten du apustuak jarraipena duela, arrakasta hori denboran mantendu egin dela, eta hiriari poz handiak eman dizkiola”. Bestalde, Alvarez Kultura eta Kiroletako diputatuak klubaren “konpromiso feminista” nabarmendu zuen, besteak beste. Ildo beretik jo zuen Mendozak: “Erronkez gain, zuengan jartzen dugu beste ardura bat: gizartea transformatzea”.
Era berean, Garmendiak taldearen jarduna goraipatu zuen: “Gero eta handiagoak gara klub gisa, eta talde gisa; emaitzetatik, plangintzatik, datuetatik harago, gizarteari transmititzen dizkiogun balioak oso garrantzitsuak dira”.