Bueltan da Balio Dute kolektiboaren Kutixik jaialdia
Bueltan da aurten ere Kutixik jaialdia. Balio Dute kolektiboak antolatu du bigarrenez, Donostialdeko taldeen protagonismoa eta “euskal eszenako gutiziak” uztartuz. Kolektiboak azaldu duenez, autogestioan oinarritutako taldeen elkargune bat izatea nahi dute, “merkatu logikatik urruntzen den eszena sustatuz, beti ere euskaratik eta euskaraz”. Azaroaren 4ean izango da jaialdia, Intxaurrondoko kultur etxean.
Kartela joan den astean argitaratu dute, eta bertan izango dira kolektiboko Pelax eta Nakar talde donostiarrak. Aurten kanpoko gonbidatuak honakoak izango dira: Ginger zarauztarren punk feminista, Peio Erramousperen kraut synth-popa oinarri duen Haira proiektua, eta Mungiatik datorren TOCen rock malenkoniatsua.
Pelax taldea ezaguna da hirian; Unai Pelayok sortutako bandara laster batu ziren Iker Vazquez, Andoni Olaetxea eta Iñigo Ozaeta. 2019an kaleratu zituen taldeak bere azken bi lanak: AB eta DE, rock progresiboko lanak. Bere lan berria prestatzen ari dira, eta Kutixik jaialdia erabiliko dute euren kantak aurkezteko.
Kolektiboko kide den Nakar taldea ere arituko da bertan. Aurten sortu den talde donostiarrak ez du oraindik lanik kaleratu, Gaztea irratian egindako zuzeneko bideoa salbu. Euren lehen lana grabatzen ari dira, eta jaialdian aurkeztuko dute haiek ere.
Berrikuntzak
Aldaketa txiki batzuekin dator oraingoan jaialdia, iaz bi oholtza jarri zituzten eta, txikia eta handia. Oraingoan, aldiz, handia mantendu dute bakarrik, eta bertatik pasako dira bost taldeak. Kolektiboak adierazi duenez, bestelako berri batzuk ere izango dira, eta “laster emango dituzte argitara”.
Iaz abiatu zen lehen aldiz jaialdia, eta izandako “arrakasta” kontuan hartuta, errepikatzea erabaki dute. Iaz Balio Dute kolektiboko Muare, Gilda, Neu Troia eta Mihise aritu ziren, eta gonbidatu gisa, Lumi eta Joseba B. Lenoir.
Sarrerak jada salgai daude Donostia Kulturako web orrian, 15 euroan.