Israelgo Garraio Ministerioaren ordezkaritza bat izan da Dbusen instalazioetan
Israelgo Garraio Ministerioaren ordezkaritza bat Dbusen instalazioetan izan da bisitan. Dbusek ohar batean azaldu duenez, Kotxetegietara joan dira; han instalazioak ezagutu ahal izan dituzte, eta Donostiako autobus flotan instalatutako azken aurrerapen teknologikoak xehetasunez egiaztatzeko aukera izan dute.
Bisitan, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari laguntzaileak, SAE ustiapenerako laguntza sistemaren eta Dbusen ticketing sistemaren funtzionamendua erakutsi die, eta, bereziki, EMV kontakturik gabeko banku txartelaren bidez ordaintzeko sistema, zeina Dbusen autobus linea guztietan instalatuta dagoen. Era berean, gidariari laguntza emateko Ekobus sistema ezagutu dute. “Sistema horrek erregai fosilen kontsumoa eta kutsatzaileen igorpena gutxitzea ahalbidetzen du, eta aldi berean, linearen maiztasuna eta puntualtasuna mantentzen laguntzen du”, azaldu dute.
Sistema horiekin batera, ordezkaritzak geltokiak sentsorizatzeko sistema ere ezagutu du. “Sistema horrek geltokian dauden erabiltzaileen kontrola egiten uzten du, erabiltzaileen ia kopuru zehatza zenbatzen uzten baitu, eskaera aurreikustea ahalbidetuta. Ildo horretan, big datatik abiatuta Dbusen autobusetan bidaiatzen dutenen jatorria-helmuga matrizea eraiki dezakeen programa berritzaile bat ere badu. Autobusetako ticketing datuetatik abiatuta eta algoritmo matematiko bat erabiliz, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaiak osatu ditzake”, adierazi dute.
Dbusen arabera, ordezkaritza “txundituta” geratu da Donostian dagoen hiri garraioaren “erabilera maila handiarekin”, baita hiriko BRTaren operatibarekin ere (Bus Rapid Transit).
Bisitan zehar jorratutako beste alderdietako bat plangintza sistema adituen funtzionamendua izan da. Plangintza sistema horiek autobusen antolaketa eta gidarien ordutegiak antolatzeko modua ematen dute. “Hitz batean, kontua da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea eta planifikatzea, sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premiei erantzuteko egokia den garraio publiko bat eskaintzeko”, nabarmendu du enpresak.
Dbusek adierazi du “oso garrantzitsutzat” jotzen dutela nazioarte mailan hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, “izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du eta etorkizuneko ikuspegi berri bat ere bai, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz gain”.